Gastronomia aitzakitzat hartuta, beste herrialde batzuetatik etorritako bizilagunekin harremanak sendotzeko xedearekin sortu zen Bertakoak. Egitasmoak arrakasta izan zuen lehen alditik, eta aurten, larunbatean, zortzigarrenez ospatuko dute.
Bederatzina elkarte gastronomikok eta herrialdek hartuko dute parte, modu honetara banatuta: Alkartasuna elkarteak Ukraina hartuko du; Arrano elkarteak Senegal; Batzokiak Honduras; Galeperrak Mexiko; Itxas-Mendiko elkarteak Argentina; Iñurritza Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak Nikaragua; Ongi Etorri elkarteak Guatemala; Carballeirak Txile; eta Urpekoak elkarteak Brasil. Aurten, estreinakoz hartuko du parte Txilek; gainerako herrialdeak, berriz, badute esperientzia jardueran.
Bertakoak ekimeneko bazkariek 10 euro balio dute, eta gaur izango da izena emateko azken eguna. Interesa dutenek Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete (Zigordia kalea, 33), 943-00 51 27 telefono zenbakira deitu edo immigrazioa@zarautz.eus posta elektronikora idatzi. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, hogei lagun inguru jasoko dituzte elkarte bakoitzean, sukaldariak eta elkarteko kideak salbu.