Lege Berria kolektiboak antolatuta, hiru kontzertu entzuteko aukera izango da gaur iluntzean Hiruputzu gaztetxean: Enemic interior, Cuero eta Zikin taldeak igoko dira oholtzara, 21:30etik aurrera.
Bartzelonatik dator Enemic interior taldea. Post-punkarekin sentsibilitate handiz nahastutako kantu gordinak eta itsaskorrak abesten dituzte katalanez. Cuero talde bilbotarrak, punk, oi! eta hardcore estiloak nahasten ditu bere kontzertuetan, eta Zikin, lekeitiar taldeak, punk-hardcore eta post-punk estiloko abestiak jorratzen ditu, rock-and-rollaren ukituarekin.
Ateak 21:00etan zabalduko dituzte, eta zuzeneko musikaz gozatu nahi dutenek sarrera atean bertan eskuratu ahal izango dute, zortzi euroan.