Alerta laranja ezarri du Euskalmetek biharko, larunbata, itsasaldeko arriskuagatik. Jakinarazi duenez, 12:00etatik 00:00etara bitartean izango da neurria indarrean, denbora horretan bost metroko altuerako olatuak espero direlako.
Aldi berean, abisu horiak ere aktibatuko ditu kostaldeko inpaktuagatik (12:00etatik 00:00etara bitartean), elurragatik barnealdean (18:00etatik 00:00etara bitartean), eurijasa iraunkorrengatik Kantauriko isurialdean (12:00etatik 00:00etara bitartean) eta haizeagatik Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan (09:00etatik 00:00etara bitartean), bereziki itsasertzean.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, neguko lehenengo denboralea izango da biharkoa, eta prezipitazio ugariak, iparraldeko haize gogorra, itsaso zakarra, hotza eta mendialdeetan elur ugari ekarriko ditu.