Zarauzko Udalak, Zarautz Kirol Elkarteak eta Euskal Herriko Saskibaloi Federazioak elkarlanean antolatuta, luxuzko saskibaloi formakuntza saioa eskainiko dute Aritzbatalde kiroldegian, 10:00etatik 14:00etara. Sarrera irekia izango da, baina aurrez izena eman behar da, plaza mugatuak daudelako. Izena eman nahi dutenek ZKErekin jarri beharko dute harremanetan, 943-83 14 63 telefono zenbakira deituta edo zke-cdz@zarautzkirolelkartea.com posta elektronikora idatzita..
Formakuntza bi zatitan banatuta egongo da, eta maila handiko bi prestatzailek eskainiko dute: lehenik eta behin, Juan Llaneza ariko da, eta haren eskutik, Algunos criterios de reclutamiento del talento gaia landuko dute, eta ondoren, Moncho Fernandezek La importancia del rebote ofensivo aztertuko du.
Llanezak entrenatzaile bezala ekin zion, baina batik bat kirol zuzendari gisa egindako ekarpena nabarmendu behar da, hala nola Lucentum Alicante, Cajasol Sevilla eta Barçan. Gainera, scouting-ean aditua da eta NBAko San Antonio Spurs taldearentzat lan egiten du.
Fernandez entrenatzaile aski ezaguna da, azken hamalau urtetan ACB mailan aritutako Obradoiroren entrenatzailea izan dela. Saskibaloiko estrategia eta taktiketan ezagutza oso sakonak ditu eta teknika entrenatzen ere aditua da, baita estatistika aurreratuetan ezagutzetan ere.
Inaxio Illarramendi Kirol zinegotzia pozik agertu da federazioak emandako aukeragatik eta ZKEk egindako lanagatik. “Dudarik gabe aukera aparta izango da saskibaloiaz ikasten jarraitzeko. Espainian eta NBAn lana egiten duten pertsonak izango ditugu Zarautzen, eta hau aukera paregabea da bertako eta inguruko entrenatzaileen formakuntza lanean laguntzeko", azpimarratu du zinegotziak.