Itsasoaren (h)egiak, atzoko eta gaurko errefuxiatuen istorioak oinarri dituen ikus-entzunezkoa, estreinatuko dute ostegunean, hilak 12, 18:00etan, Modelo aretoan. Gukak Zarauzko Udalarentzat egindako ikus-entzunezkoa da, eta ikustera joateko interesa dutenek sarrera doan izango dute, edukiera bete arte.
Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da abenduren 10a, eta egun horri lotuta antolatu nahi izan du udalak ekitaldia; hain zuzen ere, herriko gerrako haurrei aitortza egingo die bertan.
Ekitaldian dinamizatzaile lanak Xabier Euzkitzek egingo ditu, eta errefuxiatuen eta beraien eskubideen alde lan egiten duten honako elkarteek hartuko dute hitza: Hotz-Zarautz, Salvamento Maritimo Humanitario, Zaporeak eta Saharautz elkarteek.
"Iraganean, askok itsasoz ihes egin behar izan zuten Euskaditik eta, hain zuzen ere, itsasoz etortzen dira oraingo errefuxiatu asko", adierazi du Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotziak. Hark gaineratu du "itsasoan bizi izan zena eta itsasoan bizitze dena" dela dokumentalaren oinarria, testigantza zuzenekin jantzia.