Aner Peritz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean ariko da

Julene Frantzesena 2024ko abe. 1a, 20:03

Aner Peritz joan zen asteko saioan. (Bertsozale elkartea)

Aurreko astean Zarauzko finalerdian lortu zituen puntuak tarteko lortu du finalerako txartela. 519,5 puntu batu zituen azkoitiarrak, eta 512 puntutan gelditu da finalerako langa. Abenduaren 14an Donostiako finalean izango dira Artetxez gain, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Nerea Elustondo, Andoni Rekondo eta Aner Peritz.

Gaur jokatu dute sei bertsolarik Arrasaten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako hirugarren eta azken finalaurrekoa, eta saioa bukatuta, erabakita gelditu da finalean ariko den zortzikoa. Finalean aurpegi berri hainbat izango dira; horien artean, Aner Peritz zarauztarra. Izan ere, lehen aldiz ariko da Gipuzkoako finalean.

Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Iguaran izan dira hiru finalerdietako irabazleak, eta beraz, horiek zuzenean lortu dute finalerako txartela. Haien ostean, puntuazioz, honako bertsolari hauek lortu dute Ilunbeko finalean eserlekua: Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz. Abenduaren 14an, larunbatez, izango da finala, Donostiako Ilunben (17:00). Sarrerak honako lotura honetan daude salgai.

Zarautzen joan zen igandean kantatu zuten Peritzek, bigarren finalerdian, eta lortu zuen puntuazioarekin ikuskizun gelditu zen finalerako txartela lortuko al zuen. Gaurko saioan epaileek banatu dituzten puntuekin lortu du, baina, finalerako txartela. Peritzek jarri du finalerako langa; Zarauzko saioan lortu zituen 512 puntuei esker, finalera sailkatu den zortzigarren bertsolaria izan da.

Gaurko saioan Oiartzungo eta Zarauzko saioetan baino puntu gutxiago lortu dituzte bertsolariek. Hain zuzen ere, Oihana Iguaran nagusitu da, 519 punturekin, eta haren atzetik honako hau izan da gaurko sailkapena: Andoni Rekondo (513,5 puntu), Maider Arregi (511 puntu), Agin Laburu (499 puntu), Eñaut Martikorena (482 puntu) eta Iñigo Mantzizidor Mantxi (478 puntu). Horrenbestez, Iguaranek ez ezik, Rekondok ere lortu du finalerako pasea.

Mantxi zarauztarrak bukaerako agurrean esan du parte hartu duen Gipuzkoako azken txapelketa izan dela abian dena, eta beraz, lehia horretatik agurtu da ikus-entzuleen aurrean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide