Kirolaren gorakada

Amaia Zubimendi: "Sedentarismoa eta apatian bizitzea dira kaltegarriak"

Mailo Oiarzabal 2024ko abe. 2a, 11:00

Fisioterapeuta, osteopata, psiko neuroimmunologia klinikoan (PNI) espezializatua zein goi mailako jarduera fisiko eta kirol teknikaria, kirolzale "porrokatua" da Amaia Zubimendi Zialtzeta zumaiarra, eta osasunarekin lotutako ikasketak bere "pasioa" direla dio. Onura zentroan egiten du lan, Zumaian eta Zestoan, eta kirol jardueren gorakadaz eta horren ondorioez hitz egin du Gukarekin.

Kirola egiteko joera gero eta gehiago ari da hedatzen, gero eta herritar gehiagok egiten dute kirol jardueraren bat. Zuen lanean antzeman al duzue joera hori?

Bai, aldaketa handia sumatu dugu. Gaur egun kirola egiteko jarduera mota eta aukera asko dagoenez, denok aurki dezakegu gustatzen zaigun zerbait; eta behin gustuko esperientziaren bat izaten dugunean, errazagoa da ohitura bilakatzea. Kirolarekin lotuta, nagusiki bi paziente mota etortzen dira gurera: lesio bat izan dutenak edo kirola egiten hasi eta gorputza egokitzeko laguntza eske datozenak.

Zuen esperientziaren arabera, zeintzuk dira gaur egun jende gehien erakartzen duten jarduera fisikoak?

Fisioterapeutok indar ariketak egitera animatzen dugu jendea, eta gizartean ere presentzia handia hartu dute oso ondo prestatutako profesionalen gimnasio txikiek. Dantza, yoga eta meditazio guneek ere eskaera handia dute gaur egun.

Kirola egiten hasi nahi duen pertsona batek zer hartu beharko luke kontuan, modu osasungarrian egiteko eta lesioak saihesteko?

Hasteko, uste dut garrantzitsua dela kirola egitearen helburua ez dela itxura ona izatea kontuan hartzea: osasuna eta bizi kalitatea hobetzea izan behar dira benetako helburuak. Helburu hori argi izanda, bakoitzak bere beharrak eta hasteko unean duen sasoia kontuan hartuta aukeratu beharko luke kirol jarduera. Era berean, norbere buruari jarritako helburuek errazak, egingarriak eta malguak izan behar dute. Ohituretan aldaketa txikiak egitea eta horiek denboran mantentzea da eraginkorrena. Eta ohiturak aldatzeko, lehen aipatu dudan gisan, gustuko esperientziak behar ditugu.

Ba al da kirola egiterakoan sarri errepikatzen den akatsen bat? Edo, beste era batera esanda, zer hartu behar da kontuan edozein kirol modu egokian egiteko?

Kirol bat aukeratzen dugunean, kirol horrek eskatzen dituen mugimenduak egin ahal izateko prestatu behar dugu gorputza. Malgutasuna, indarra, atsedena, elikadura... Horiek guztiak hartu behar dira kontuan, eta arlo horietan aldaketa txikiak eginez, bizi estilo osasuntsua lortuko dugu.

Edonork egin dezake, bere mailan, edozein jarduera? Ala adina edota sasoia kontuan hartuta, ba al daude egokiagoak eta desegokiagoak izan daitezkeenak?

Edonork egin dezake edozein jarduera, bai, noski. Orain arte kirolik egin ez duenarentzat erronka handiagoa izango da, baina lana zati txikiagotan banatzen badugu, helburu denak lortzeko bidean jarriko gara.

Indarra lantzeko jarduerek eta ariketek indar handia hartu dute. Zergatik dira garrantzitsuak? Zer onura dituzte?

Indar ariketek ia edozein farmakok baino onura gehiago dutela ziurtatzen duen ebidentzia zientifiko ugari dago. Besteak beste, indar ariketek onurak dakartzate artikulazioen eta giharren malgutasunean, gorputz konposizioaren orekan, sarkopeniaren eta osteoporosiaren prebentzioan, neuroplastizitatean –neuronen funtzionamendua aberasten du–, gorputzaren jarreretan, odol presioan zein kolesterol mailan, loaren kalitatean, eta estresaren, antsietatearen edota depresioaren tratamenduan.

Kontraindikaziorik edo alde txarrik ba al dute indar ariketek?

Sedentarismoa eta apatian bizitzea dira kaltegarriak. Aldiz, behar duguna da, progresiboki eta profesionalen laguntzarekin, martxan jartzen lortzea.

Zeintzuk dira zuenean lantzen dituzuen lesio ohikoenak? Ba al dago bezeroen artean nagusitzen den profilik? Eta bezeroen artean errepikatzen den kezkaren bat?

Fisioterapeuten kontsultetan artatzen ditugun lesio gehienak pazientearen bizitzan kirol errutina bat ezartzean sendatzen direla esango nuke; edo, behintzat, tratamenduaren arrakastaren zati garrantzitsu bat izaten da hori. Finean, fisioterapia on bat eta kiroleratze progresiboa dira pazientea kontsultara ekartzen duen sintoma horrek behar izaten duena. Hala ere, badira beste hainbat faktore pertsonen ongizatean kirolak bezainbeste pisu izan dezaketeenak. Kirola egitea bezain garrantzitsuak dira naturarekin kontaktua izatea, eguneroko atsedena, bakean bizitzea, gertukoekin ditugun harremanak zaintzea eta elikadura sinplea eta bertakoa izatea. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide