Politikariek, udal taldeek eta komunikabideek azaroaren 16an Hiruputzu gaztetxean gertatutakoaren "kontakizun desitxuratua eta aldebakarrekoa" zabaldu dutela salatu du Zarauzko Gaztetxeak. Horrek fokua Gaztetxearen eta bertako bi kideren gainean jarri dutela esan dute hango kideek. Gainera, Gaztetxeko ordezkariek jakinarazi dute bi pertsona horien kontrako salaketa sartua dagoela eta horiek ikerketapean daudela gorroto larrigarriarekin.
Gaztetxeko ordezkariek kritika politikoa egiteko eskubidea aldarrikatu dute eta bi kideren aurkako salaketa kentzea eskatu. Halaber, mobilizatzera deitu dituzte herritarrak asteazkenerako. Lege Zaharraren Enparantzan egingo dute kontzentrazioa, 19:00etan hasita, Gaztetxea aurrera lelopean, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete, "kritika politikoa egiteko askatasunaren eta militantziarako baldintzen alde".
Hiruputzuk PSE-EEko zinegotziaren jarrera salatu du, kargu eta ardura publikoa izanik, kritikak eta erantzunak jasotzeko prest egon behar lukeela uste duelako: "Are gehiago, kontuan hartuta bere alderdiak gaztetxearen kontrako jarrera aktiboa izan duela urte luzez". Gaztetxeko ordezkariek esan dutenez, "oso gauza desberdinak" dira kritika politiko irmoak eta eraso bat jasotzea. Horregatik, "kritika politikoa egiteko eskubidea" aldarrikatu dute.
Zinegotzi horrek eta bere alderdikideek beren "botere posizioa" Zarauzko Gaztetxearen eta bi pertsonaren aurka egiteko erabili dutela ere salatu dute Hiruputzuko ordezkariek. "Instituzioetan egoteak ematen dizkien abantailak erabili dituzte, sareetan errelato manipulatu bat zabalduz eta gaztetxean gertatutakoa komisaldegian salatuz". Haien aburuz, "argudio politikoetan oinarritutako eztabaida" hedabideetara eta komisaldegira eraman dute, gaia epaitegietara iristeari bidea eginez. Horren aurrean, polizia salaketa bertan behera uzteko eskatu dute.
Bestalde, Hiruputzuko kideek esan dutenez, gaztetxeak ez du martxan jarraitzen udaleko alderdiek eta politikariek eskuzabaltasunez espazio bat eman izanagatik. "Urte luzez herriko hainbeste kidek eta kolektibok Gaztetxea bezalako espazio baten alde egindako lanari eta borrokari esker jarraitzen du martxan, eta hura mantentzeko eta indartzeko beharrezkoa da borrokan segitzea eta mobilizatzea".