Guraso bakarreko familientzako hobariak aztertzeko konpromisoa hartu du udalak

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 30a, 10:00

Madres Solteras Por Eleccion elkartearen alegazioa ordenantza fiskaletan onartu ez arren, datorren ikasturterako sakon landu nahi dutela azaldu zuen Udal Gobernuak. Bestalde, Zuhaitzak Babestu eta Kudeatzeko Ordenantza onartu zuten aho batez.

Inguruko udalerrietan aurrekontuan onartu zituzten bitartean, Zarauzko Udalbatzak 2025erako ordenantza fiskalak hobetsi zituzten behin betikoz ostegunean. Hasierako onespena iraileko osoko bilkuran eman zioten Udal Gobernuko kideen –EAJ eta PSE-EEko zinegotzien– aldeko botoekin, eta EH Bildu udal taldearen ezezkoarekin. Oraingo bozketako emaitzak ere lehengo burutik burua, baina kontuan hartzeko xehetasun nabarmen batekin.

Behin behineko ordenantza jende aurrean ikusgai egon den epean, Madres Solteras Por Eleccion elkarteko kide diren zenbait zarauztarrek hainbat iradokizun egin dizkiote udalari, guraso bakarreko familientzat kultur, kirol eta gizarte arloetan hobari jakin batzuk eskatuz; nolabait ere, familia ugariak jasotzen dituzten antzerako zerbait. Helegitea onartu ez arren, aintzakotzat hartu zuten udal talde guztiek.

EH Bilduko kide Ion Arozenak adierazi zuen hausnarketa egin beharra dagoela gaur egungo familia ereduen inguruan: "Bere garaian familia ugarien kontzeptua jarri zen abian, hobaria merezi zuela ikusi zelako. Egun, ordea, badira aita edo ama bakarreko familiak ere". Hala ere, koalizioak zalantzak ditu guraso bakarreko familia izateagatik hobaria behar duen ala ez. Iraileko plenoan adierazi zuen bezala, "ordenantza fiskalak progresiboak izan behar dute eta familia unitate bakoitzak duen sarreren araberakoa mailakatze bat izan beharko luke", adierazi zuen Arozenak.

Iker Basurko Ogasun eta Ekonomia zinegotziak eskerrak eman zizkien Madres Solteras Por Eleccion elkarteko kideei udalbatzar aretora bertaratzeagatik eta haien ekarpena egiteagatik. "Horrek Zarauzko errealitatearen berri ematen digu, baita beste familia eredu batzuen berri ere. Modu horretan, hain egoera aztertzeko aukera ematen digu, eta ez gara ainguratuta geratzen", zehaztu zuen.

Hurrengo azterketa 2025ko martxoa eta ekaina artean egingo dutela jakinarazi zuen zinegotziak, eta eskaria kontuan izango dutela. Era berean, Udal Gobernua arretaz jarraitzen ari gainerako erakunde publikoak ematen ari diren pausoak, eta lerro berean joan nahi dute, "guztiok justuagoak" izate aldera.

PSE-EEren udal taldeko bozeramaile Inaxio Illarramendik aditzera eman zuen 2025erako ordenantza fiskaletako hobarietan ezin direla txertatuta, "legez ez daudelako aurreikusita". Hala ere, alderdi sozialistak "begi onez" ikusten du Eusko Jaurlaritza aztertzen ari den lege aldaketa, "etorkizunean  hobariak txertatu ahal izateko guraso bakarreko familiei, zergei dagokionean".

Era berean, Illarramendik bat egin zuen EH Bilduren eskakizunarekin: "Uste dugu datorren urteko prezio publikoaren azterketa egiterakoan, bai guraso bakarreko familiei bai familia ugariei, errentaren arabera eman beharko litzaiekeela hobariak".

EAJ udal taldeko bozeramaile Garbiñe Oiarbidek argi utzi nahi izan zuen alegazioari ezezko eman arren, horrek ez duela esan nahi gaiarekin ados ez daudenik, "baizik eta egindako eskaerak lanketa sakonagoa behar duelako, teknikariaren txostenak jasotzen duen bezala". Basurkok esandakoaren ildotik, datorren ikasturterako aldaketan aztertuko dutela gaia berretsi zuen. "Udal Gobernua osatzen dugu bi alderdiok ados gaude, gaia teknikariekin aztertzeko, denboraz eta merezi duen arretarekin", konpromiso hori agertu zuen Oiarbidek.

Zuhaitzen ordenantzari baiezkoa

Udalbatzarrean onartutako beste puntu garrantzitsua Zuhaitzak Babestu eta Kudeatzeko Ordenantza izan zen. Udal talde guztien babesa izan zuen, eta aho batez egin zuen aurrera, aldeko 21 botorekin. Ordenantza berriak Zarauzko espazio publikoan dauden berdegune eta zuhaitzak zaintzea eta kontserbatzea du xede.

Hainbat araubide jasotzen ditu txostenak eta 2023ko apirilean onartutako Zuhaitzen Plan Zuzentzaileak aurreratutako neurriak zehazten ditu. Herriko arboladian eragina izango duen edozein jarduketa egiterako garaian jarraitu beharreko pausoak eta arauak, hala nola zuhaitzen mantenua, zuhaitz berrien landaketa eta espezien aukeraketa eta beste hainbat neurri, urbanizazio eta berrurbanizazio proiektuetan.

Lorazaintzako zinegotzi arduradun Iban San Martinen esanetan, ordenantza berriak herriko zuhaitzak babesteko eta zaintzeko udalak duen "konpromiso sendoa" erakusten du. "Modu honetan, zuhaitzen kontserbazioa bermatuko duten baldintzak ezarri nahi ditugu eta, aldi berean, norbanakoen eta taldeen portaerak naturarekiko baloraziora eta errespetura bideratu”, azaldu zuen San Martinek.

EH Bilduko zinegotzi Ainara Landak azpimarratu nahi izan zuen ordenantzaren hazia "herri ekimenetik" sortu zela, Tiloak plataformak sustatuta. "Hobetzeko margena" izan dezakeela uste du koalizioak, eta "behin onartuta, jende aurrean egongo den epean, herritarren alegazioak jaso eta egingarriak balira, txertatzeko ahalegina egin beharko genuke. Ordenantza ahal eta osatuen gera dadin".

Xabier Txurruka alkatea zorrotz erantzun zion Landari, "udalbatzak sustatutakoa dela ordenantza, iazko apirilean onartutako Zuhaitzen Plan Zuzentzailearekin, eta herriko plataforma batek". Departamentuetatik egindako lana "ezin hobe" izan dela azpimarratu zuen PSE-EEren udal taldeak, ordenantza lantzeko orduan. Illarramendik, gainera, aurreko agintaldian Lorazaintza zinegotzi izan zen Patxi Elola sozialistaren lana goratu zuen, eta hura azpimarratu zuen guztiaren sustatzaile gisa.

Gogora ekarri behar da Tiloak plataforma 2022ko udan sortu zela, Nafarroa kalean kentzera zihoazen ezkiak zirela medio. Herri ekimenak hainbat protesta egin zituen udaletxe aurrean, eta 2024ko udaberrian ordenantza proposamena aurkeztuko zuen udalean, baita apirilean sinadura bilketa egin eta manifestaziora ateratzen ere.

San Martinek zehaztu zuen lanketa handia egin dela ordenantza ontzeko garaian:  "Udal teknikari, alderdi politiko desberdin eta herriko eragile eta norbanakoekin egin da eta guztiek egindako ekarpenak jaso, aztertu eta gehitu dira, ordenantza aberastuz”. Era berean, nabarmendu zuen 1700 zuhaiztitik gora landatu dituela udalak azken urteetan, urbanizazio berrietan zein bestelako tokietan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide