EAEko Auzitegi Gorenak berretsi egin du adingabeko bat zaintzen zuen gizonari ezarritako espetxe zigorra

Intza Trula - Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 27a, 17:50

EAEko Auzitegi Gorenaren Justizia Jauregia (Wikipedia)

Ekainean eman zuen ebazpena Gipuzkoako Epaitegiak, baina grabaketa batzuk tarteko, defentsak helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Gorenean. Auzitegi horrek, ordea, ez du helegitea onartu, eta gizonari hasieran ezarritako zigorrari eutsi dio.

Gipuzkoako Epaitegiak zortzi urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra jarri zion ekainean Zarautzen adingabeko neska bat zaintzen zuen gizon bati, sexu abusuak modu jarraian egiteagatik 2014 eta 2015 urteen artean. Orain, defentsaren errekurtsoa atzera bota ondoren, EAEko Auzitegi Gorenak zigor hori bera berretsi du.

Espetxealdiaz gain, Gipuzkoako epaitegiak bere ebazpenean hainbat neurri ere zehaztu zituen: joan de ekainetik akusatuak ezin du hurrengo hamar urteetan biktimarekin inolako harremanik izan, ezta harengana hurbildu ere. Horrez gain, kartzela zigorra betetzean, bost urtez zaintzapeko askatasuneko neurriarekin emango ditu, eta biktimari 20.000 euroko kalteordaina eman beharko dio.

Defentsaren abokatuak hasierako ebazpenaren aurka helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Gorenean, "bere bezeroaren babesgabetasuna" eman zela argudiatuz, biktimaren deklarazioa jasotzen zuen grabaketaren erreprodukzioa kaskarra izan zelako. Auzitegi Gorenak, aitzitik, atzera bota du errekurtsoa, deklarazioaren grabaketa inolako arazorik gabe ikusi eta entzun zitekeelako, eta akusatuak bere burua ongi defendatu zezakeelako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide