Javier Lucasek eta Martin Jauregik piztuko dituzte Gabonetako argiak

Intza Trula 2024ko aza. 28a, 09:00

Iazko Gabonetako argien piztuera ekitaldia. (Onintza Lete Arrieta)

Bihar, 18:00etan, egingo dute Gabonetako argien piztuera ekitaldia, Musika Plazan. Zarauzko Udalak eta Murkil merkatarien elkarteak Javier Lucasek eta Martin Jauregik urte luzez egindako lana goratu nahi dute biharko ekitaldian.

Hilabete baino gutxiago falta da Gabonetarako, eta herria pixkanaka ari da ospakizunetarako prestatzen. Instalatuta daude festa horien hain adierazgarri diren argiak eta, etzi, ostirala, egingo dute piztuera ekitaldia. 18:00etan izango da, Musika Plazan.

Zarauzko Udalak eta Murkil merkatarien elkarteak antolatu dute ekitaldia, eta urtero legez, gonbidatu bereziak hautatu dituzte argiak piztu ditzaten: haiek jakitera eman dutenez, aurtengoan Javier Lucasek (Javier Lucas argazki denda) eta Martin Jauregik (Zabala Gaztak) izango dute ardura hori.

Herriko merkataritzaren eredu

Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen esanetan, Lucas eta Jauregi Zarauzko merkataritzaren jardunaren "eredu apartak" dira. Alkateak esan duenez, "urte luzez zarauztarrei  zerbitzurik onena" eskaini izana eskertuko diete bihar: "Aurten merezitako erretiroa hartu dute, edo hartuko dute, eta Zarauzko Udalak zein Murkilek euren ibilbide profesionala aitortu eta omendu nahi izan dugu".

15 urterekin oparitu zioten Lucasi bere lehen argazki kamera eta, ordutik, milaka eta milaka argazki atera ditu herriko kaleetan zehar zein Kale Nagusiko bere estudioan. Bera izan da, bere ibilbide oparoan zehar, zarauztar askok etxean gozagarri dituzten uneak maisuki harrapatu dituena.

Jauregiren gurasoak duela 70 urte inguru hasi ziren Zarauzko merkatuan gaztak eta ardi-esnea saltzen. Jauregi 15 urterekin hasi zen lanean, eta urte hauetan guztietan Merkatu Plazako postuan kalitatezko produktuen eskaintza zabaldu du.

Biharko argien piztuera ekitaldian, azken urteetan bezala, Hotz Zarautzek ere parte hartuko du, bertaratzen diren herritarrentzat errefuxiatuei laguntzeko txokolate-solidario beroa banatzen eta Schola Cantorum koruak Gabonetako kantak abestuko ditu.

Zuhaitz berria Amalur Parkean

Azken urteetan bezala, aurten ere Iluminaciones Ximenez enpresa arduratu da Gabonetako argien instalazioaz. %100 kontsumo baxuko LED teknologiako bonbilez osaturtako argiteriaren kostua 52.453,5 eurokoa (BEZ barne) izan da.

Izango da berrikuntzarik aurtengo argietan. Hain justu, zortzi metroko luzeera duen zuhaitz berria jarri dute Amalur parkean, tren geltoki berriaren pasabidearen irteeran. Horrez aparte, Itxasmendi auzoko zetro handi bat ere apaindu dute, udalaren esanetan "Itxasmendiko bizilagunen eskaerari helduz".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide