Hezkidetza Foroak sustatuta eta Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuarekin eta Berritzegunearekin koordinatuta, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egin zuten herriko ikastetxeek ere.
Alde batetik, Indarkeriarik gabe, aske! idatzita zuen pankarta eskegi zuten udalean zein ikastetxeetan eta, indarkeriaren gaia lantzeko, salatzeko eta kontzientzia garatzeko asmoz, hainbat ekintza egin zituzten ikasleek egunean zehar.
"Aurreko urteetan bezala, Zarauzko Udalean eta herriko ikastetxe guztietan pankarta berbera jarri da: Indarkeriarik gabe, aske!, adierazi du Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziak. Ikasgeletan, komunetan, patioan, korridoreetan, irakasle geletan... "aske bizi nahi" dutela gaineratu du Vazquezek, "bai Zarautzen bai beste edozein txokotan ere". Halere, bizitzeko moduetan eta jarreran "oraindik matxismoa errotuta" dagoela esan du, "gure espazioak horren isla izanik".
Ekimenak, bailarako beste herrietan ere gauzatu ziren; hala nola Zumaian eta Orion.