Astiko aisia guneko kantinaren eraikuntza lana jada amaituta, lokala esleitzeko kontzesioa abiatu du. Udatik hona kantina berria eraikitzeaz gain, lokalaren hornikuntza eta saneamendu sarea doitu eta inguruko urbanizazio lanak egin dituzte. Orain, espazioa zarauztar ororentzat prest izateko, beharrezkoak diren azken pausoak emango dituzte.
Kontzesioaren barruan, kantina gisa erabiliko den 440,22 metroko lokalaren ustiaketa esleituko dute, prozesu administratibo bidez. Barra gunea eta bi jangela –67,74 metro koadrokoa eta 46,33 metro koadrokoa– ditu barruan, eta, halaber, bi terraza kanpoan; bata, 34,93 metro koadrokoa eta, bestea, 42,38 metro koadrokoa.
Esleipenaren epea zortzi urtekoa izatea erabaki du udalak, negozioa martxan jartzeko esleipendunak egin beharko duen inbertsioa –sukaldearen muntaketa, hozkailuak eta abar– "berreskuratzeko denbora tartea". Lizitaziorako eskatzen duten gutxieneko kanona 12.000 eurokoa da urteko, eta lizitatzaileek aipatu zenbatekoa gorantz hobetu ahal izango dute.
Prest jartzea bakarrik
“Urte luzez itxaron behar izan dugu Astiko kantina berriz martxan ikusteko, eta jada gertu daukagu denok udal azpiegitura honetaz gozatzeko eguna”, adierazi du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotziak. “Obra nagusia amaituta dago eta kontzesioa esleitu eta esleipendunak lokala prest jartzea besterik ez da geratzen irekitzeko”, zehaztu du.
Udaleko Kontratatzailearen Profilean argitaratu dute kontzesioaren inguruko informazio eta dokumentazio osoa, baita bertan parte hartzeko jarraitu beharreko pausoak ere. Lizitatzaileek kantina bisitatu ahal izango dute, eraikuntza eta eremua ebaluatzeko, udal teknikariekin hitzartutako bisita batean.
Prozesuaren edo lokalaren inguruko galderarik edo zalantzarik izanez gero, interesdunak udaleko Herrilan departamentuarekin jarri daitezke harremanetan herrilanak@zarautz.eus posta elektronikora idatzita edo 943-00 51 08 telefono zenbakira deituta.