Bertako produktuekin eta jai giroan ospatu dute Merkatua Bizirik elkartearen urteurrena

Maria Maya Manterola 2024ko aza. 23a, 12:00

ZarautzTrik eta Arrai Zopa taldeek girotuta, bertako produktuekin egindako mokadutxoez, garagardoaz eta sagardoaz gozatzeko aukera izan zuten atzo Merkatu plazaren kanpoaldean.

Atzo arratsaldean egin zuten Merkatu plazaren kanpoaldean Merkatua Bizirik elkartearen hirugarren urteurrena ospatzeko festa. Herritar ugari gerturatu zen barazki brotxetak, lumagorri oilaskoa edota gazta eta irasagar pintxoak euro batean dastatu eta sagardo txotxaz nahiz bertako garagardoaz gozatzera. Giroa berotzeko, ZarautzTrik eta Arrai Zopa taldeen emanaldiez ere gozatu zuten bertaratutakoek. 

Izan ere, elkarteak dio aurten ere bazutela "zer ospatu eta zer aldarrikatu". Elkartearen helburu nagusiak Merkatu plazako "dinamika hauspotzea" eta baserritar zein dendarien "lana ikusaraztea" izan dira, eta bide horretan "hamaika" ekimen antolatu dituzte. Hala nola saskiak, hitzaldiak, ekimenak, kanpainak eta abar antolatu dituzte denbora honetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide