Zarauzko Musika Bandak bihar emango du Santa Zezilia Eguneko kontzertua

Intza Trula 2024ko azaroaren 23a

Zarauzko Musika Banda kontzertua eskaintzen, Arrosategi parkean. (Aritz Mutiozabal)

Merkatu plazako lehen solairuan izango da, 12:30ean hasita, eta Iosu Isastiren zuzendaritzapean sei pieza entzun ahal izango dituzte herritarrek. Gainera, aurten Euskal Jaien mendeurrena izan denez, emanaldiak amaiera berezia izango du.

Santa Zezilia Eguna izan zen atzo, azaroak 22, eta egunari lotuta, emanaldi berezia emango du bihar Zarauzko Musika Bandak. Merkatu Plazako lehen solairuan izango da ekitaldia, 12:30ean hasita, eta Iosu Isastik zuzentzen duen bandak sei pieza joko ditu jendaurrean. Halaber, aurten Euskal Jaien mendeurrena izan dela aitzaki hartuta, amaiera berezia prestatu dute.

Entzungo diren piezak honakoak izango dira: La Boutique Fantasque, Flying Mallets, The Round Table, The Lord Of The Rings. Amaitzeko, bi euskal pieza interpretatuko dituzte: alde batetik, Jesus Gudiriren Amaiaren Ezpata Dantza, eta, bestetik, Eusko Dantzarako Erestaldea, 4 euskal dantzen bilduma, Jose A. De Erauskinek konposatua. Jalgi dantza taldeko lau dantzarik parte hartuko dute azken pieza horietan, emanaldia borobiltzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide