Gukasteka

Emoahal

Aritz Mutiozabal 2024ko azaroaren 23a

Bizikleta baten irudia urrutian. (Pixabay)

Zarautz Gukako kazetari Aritz Mutiozabalek Gukastekaren Behatxuloa atalerako idatzitako iritzi artikulua da honakoa. Autoen, bizikleten eta oinezkoen elkarbizitzaren inguruan aritu da oraingoan.

Bakoitzak isilean sufritzen ditu norbere odoluzkiak. Are gehiago, gutxi izango dira uzkian hantura desatseginak dituztela publikoki aitortzen dutenak. Intimitatean, aldiz, belarriz belarri, konfesatzeko beharra izaten da, harrapaturik zaituen horretatik askatzekoa, ezin esplika daitekeen barruko minetik lasaitzekoa. Usain hori hartu nion aste honetan aitari, Zigordia eta San Frantzisko kaleen arteko bidegurutzean topo egin genuenean. "Herriko azpibideen inguruan idatzi beharko zenuke zure hurrengo editorialean". Hara, bestea! Zer uste du Martxelo Otamendi edo Lorea Agirre naizela!

Iritzi artikuluak idazten ditut tarteka-marteka, eta kexaren bat izanez gero, gutun bat idazteko erantzun nion. Botatakoa ez zitzaion gehiegi gustatu, eta berearekin jarraitu zuen: "Desastre bat dira subebaja horiek… Autoarekin noanean, beldurra ematen didate bizikletarekin doazenak eta oinezkoak. Bizikletarekin noanean, ez noa lasai, ez baitakit autoak eta oinezkoak nondik aterako zaizkidan. Eta oinez noanean, oso tentuz ibiltzen naiz autoekin eta bizikletekin, oso bizkor joateaz gain, ez dira geratzen". Agorafobia badakit ez dela; ziurgabetasuna, hori bai. Ziur fobia horrek izen zientifiko bat duela, baina nire familiak, nigatik hasita, badu gehiegikerietarako eta hipokondriarako gaitasuna.

Aita agurtzerakoan ere matraka bera zerabilen aho artean aitak. Enkargu batzuk egin ondoren, etxera bidean, tren geltoki berriko pasabide zabaletik igaro nintzen, non oinezkoak eta bizikletak nahiz patineteak harmonia batean zein betean ikusi nituen. Gipuzkoa kaletik, jarraian, orduantxe ikusitako paisaia eta aitak esandakoak burura etorri zitzaizkidan. Bi irudi guztiz kontrajarriak, inondik inora ere. Egia da bide horretatik ez direla autorik igarotzen, eta konparaketak egiteko ez dela egokiena; horretarako bi azpibide baino ez daude herrian: Zelaikoa eta Azken Portukoa (Bizkaia kalekoa).

Oro har, aipatu hiru aktanteen –auto, bizikleta eta oinezkoen– artean aparteko istripurik ez dela egon esango nuke. Agian, oso oker nabil, eta ez naiz jabetzen ezertaz. Baina Zarautzen goizeko lehen orduetan, batik bat eskolara bizikletaz joten diren ikasle kopurua eta kotxez lanera joaten den jendetza kontuan hartuta, miraria iruditzen zait ezer larririk ez gertatzea. Ikastetxeetan lantzen duten Bide Heziketak bere fruituak ematen dituen seinale izango da.

Larre guztiek dituzte, baina, bere belar txarrak. Sustraietatik atera eta erretzen direnak. Errepidean ere guztiok ere ez gara eredugarri, eta nire aita –gaztetan auto-eskolako irakasle izana– idealista hutsa dela, eta bere semea bezain haterra, ernegatu egiten da gainerakoak baino argiagoak direnekin; hala nola ziztuan doazen autoak eta zebrabidean gelditu gabe eskua altxatzen dutenak, errepidetik doan bizikleta eta bat-batean zebrabidetik kalea zeharkatu eta espaloitik jarraitzen duena; edozein ertzetik ateratzen den oinezkoa eta bidea pasatzen duena, autoak eta bizikletak geldiaraziz… Far West hori ere bada Zarautz, bai. Eta klaxonak entzuten dira, bai. Gaztelaniazko birao klasikoekin, si señor!

Gipuzkoa kaletik jarraitzen dut, eta arratsaldeko 18:30erako ilun dago dena. Distantziak kalkulatzen ez naiz oso abila, baina Sanz Enea paretik Iñurritzara arte 800 bat metro botako nituzke. Bada zuzen luze horretan dozenaka led farola daude, egiari zor, zipitzik argiztatzen ez dutenak. Hamabost metrotara dudan bikotea itzal bat da mugimenduan, bisaiarik gabeko gorputz beltzak. Orduan ohartu naiz zenbat gorrotatzen dudan iluntzean edo goizean goiz kotxearekin ateratzea, are gehiago euria egin dudanean: Gipuzkoa kalean ez da ezer bereizten, eta ez dakizu bizikleta bat duzun aurrean, atzean edo aldamenean, ezta oinezko zain dagoen zebrabide ertzean gainera iristen zaren arte.

Hala eta guzti ere, hori nire odoluzkia propioa da, isilpean pairatzen dudan samina. Deskalabru bat gertatu arte, baina ez nadin hasi autokonspirazioetan, ez bainaiz ni terraplanista horietako bat. Hori bai, bien bitartean, emoahal emango dut uzkian, emozioak ahal ditudan neurrian baretzeko… Beharbada, aitari ere gomendatuko diot!

Iritzi artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide