Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, Azaroaren 25a, eta Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, iaz 67 pertsona izan ziren indarkeriaren biktimak: 67 indarkeria kasu horietatik 49 genero-indarkeria direla zehaztu du, hamahiru familiarteko indarkeria, lau sexu-eraso eta "bestelako" indarkeriatzat kontabilizatu den kasu bat. Aurtengo datuak oraindik bildu gabe dituztela ere gaineratu du udalak.
Gizarte Zerbitzuetan nahiz Ertzaintzan jasotakoak dira iazko 67 kasuak. Udalak zehaztu du horietatik 27 tratu txar fisikoak izan zirela, 30 psikologikoak, sei sexualak, hiru ekonomikoak, eta bat tratu txar fisiko eta sexuala. Denera, 28 salaketa jarri zituzten.
Datu orokorrak 2022koen antzekoak dira, orduan 62 kasu artatu zituztelako. Aurreko urteetatik, ordea, gorakada nabari da, 2019tik 2022ra arte urteko 40 kasuren bueltan zebiltzalako.
Jatorriari dagokionez, erasoa jasan duten emakume gehienak Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak dira, %73,02. Erasotzaileei dagokienez, berriz, %52 dira jatorri hori dutenak.
Mobilizazioak
Egunari lotutako manifestazio ugari egingo dira gaur eskualdeko herrietan: Zarautzen, esaterako, bi deialdi egin dituzte.
19:00etan, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! lelopean mobilizazioa egingo dute Lege Zaharren Enparantzan, Itaiak deituta. 19:15ean, berriz, Ez bazara konponbidea, arazoa zara. Indarkeriarik gabeko gorputzen eta lurraldeen alde errebelatu! lelopean manifestazioa deitu du Zarauzko Mugimendu Feministak deituta. Belauntzaran plazatik hasiko dute bidea.