Imanol Lasa Gipuzkoa Buru Batzarreko kide izango da datozen urteetan

Julene Frantzesena 2024ko aza. 22a, 07:55

Imanol Lasa.

Maria Eugenia Arrizabalaga izango da GBBko burua, eta hamalau burukide izango ditu lurraldeko zuzendaritzak. Kide horietatik zortzi berriak izango dira; tartean, Imanol Lasa foru diputatu ohi zarauztarra.

Gipuzkoako EAJren Lurralde Batzarrak atzo iluntzean izendatu zuen Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoa Buru Batzarreko (GBB) presidente, eta Gipuzkoako EAJren zuzendaritza osatuko duten beste hamalau kideak atzo izendatu zituzten.

Joseba Egibarren lekukoa hartuko du Arrizabalagak, eta GBB zuzenduko duen lehen emakumea izango da. Gainera, GBBn zortzi kide berri izango dira: tartean, Imanol Lasa foru diputatu ohi zarauztarra. Lasak GBBko presidente izateko aurkeztu zuen bere burua, baina lehen itzulia igarota, uko egin zion bigarren itzulian Arrizabalagarekin leihatzeari. Dena den, zarauztarrak Gipuzkoako burukide izateko bigarren fasera igarotzea onartu zuen.

Lasarekin eta Arrizabalagarekin batera, honako hamahiru kide hauek osatuko dute Gipuzkoako EAJren zuzendaritza datozen urteetan: Itxaso Agirre, Jon Ander Azpiroz, Saioa Bandres, Juan Ramon Baztarrika, Ane Beitia, Edurne Egaña, Idoia Elorza, Mari Jose Etxegoien, Imanol Goenaga, Xabier Insausti, Gorka Ocio, Jon Olano eta Olatz Peon. Horietatik zortzi lehen aldiz izango dira GBBko kide.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide