Modelo aretoa bete zuen astearte arratsaldean ospatutako Zarautzen Zientziaz Blai jardunaldiak. Hamargarrenez antolatu du ekitaldia ZarautzOn elkarteak, eta azaldu zuenez, "jende ugari" bertaratu zen adituen hitzak entzutera. Elkarteak aurreratu zuen moduan, Esther Udabe, Naiara Rodriguez-Florez, Leire Lopetegi, Jakes Udabe eta Mikel Artetxe ikerlariek zein proiektutan dabiltzan azaldu zuten.
Gazte nahiz heldu asko joan zen jardunaldiaz gozatzera, eta elkartearen esanetan, "bikain" aritu ziren bost ikerlariak.
Jardunaldi hauen helburua da herrian zientzia eta teknologia dibulgazioa sustatzea eta, bide batez, herriko ikerlari gazteei hitza ematea.
Abenduaren 3an, hitzaldia
Gainera, beste hitzordu baten berri eman du elkarteak: abenduaren 3an, asteartez, Glaziarrak, mendiak eta klima aldaketa hitzaldia emango du Jeronimo Lopezek.
Geologoa eta alpinista da Lopez, eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoan irakasle eta ikertzaile zientifiko modura egiten du lan.