Puntuka

Barkazioa

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2024ko aza. 21a, 10:00

Joan Jauregui, lurrean, armadako soldaduz inguratuta; 1616koa da grabatua. (Wikipedia)

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Gizarte gero eta laikoagoa omen gara, baina oraindik ere gure portaeretan eragin handia du aurrekoen (eta gure) heziketa erlijiosoak. Bistakoa da barkamenaren kontuarekin. Okerreko ekintzak egin edota asmo okerrak izan, eta gero esan: barkatu! Zenbat aldiz gure agintariek!

Hala ere, askotan, barkatzeko joera izan behar dugula dioten horiek berak dira gogorrenak zenbait kasutan; ikusi bestela nola tematzen diren "egindakoa aitortu dezatela eta damua agertu" eskatzen, legeak ezarritako zigorra bete dutenei ere.

Dena dela, gauzak ez dira beti hain zorrotz neurtzen, dirudienez, eta horretarako Joan Jauregiren parabola hau argigarri izan daiteke.

Joan Jauregi XVI. mendean bizi izan zen bizkaitar bat zen (gogoratu garai hartan euskaldunei, orokorrean, vizcaíno deitzen zitzaiela). Jauregi morroi bat besterik ez zen, Gasteizko Gaspar Añastroren Antonio Venero kontu-eramailearen laguntzailea. Gauza gutxi. Eta Gaspar Añastroren kontuak ez zebiltzala oso ondo. Merkatari gasteiztar horren bi itsasontzi hondoratu egin ziren Bizkaiko golkoan, eta hirugarren bat Ingalaterrako lurraldera eraman zuen ekaitz batek, eta hango agintariek merkataritzako gaiak errekisatu eta ontzia zein ontzikoak bahitu zizkioten. Gaspar jauna zorrez beteta zegoen ipurtzuloraino eta kartzelan amaitzeko bideetan.

Baina Gaspar Añastrok bazuen lehengusu bat (Joan Martinez Isuntza, gasteiztar jauntxo diruduna) Espainiako Ontziteriaren Hornitzaile Nagusia zena. Isuntza horrek Lisboatik gutuna bidali zion Gasparri esanez nola gaindi zezakeen egoera tamalgarri hura: Espainiako errege Filipe II.ak 80.000 dukat eta Done Jakueren Ordenako zaldun izendapena eskaintzen zituen Gilen I.a Orange-Nassaukoa akabatzeagatik. Orangeko Gilen hori zen Herbeheretako independentziaren alde borrokan zebiltzan holandarren buruzagia, Filiperen etsai amorratua.

Gaspar Añastrori ez zitzaion oso egokia iruditzen inor akabatzea bere gorabehera ekonomikoak zuzentze aldera, eta elizgizonengana jo zuen ea bidezkoa zen jakitera, Antonio Timmermans fraide dominikoarengana, hain zuzen. Apaiz horrek esan zion oso itsusi zegoela inor akabatzea, baina eragilea erregea bera izanik... Alegia, Jainkoaren graziaz errege zen norbaitek uste bazuen Gilenek heriotza merezi zuela, zerbait izango zela hor, eta barkagarria izan zitekeela hilketa (itsusia bai, baina barkagarria). Hori bai, berak eskuak garbi behar zituela eta bitarteko bati emateko lan zikina egiteko ardura. 

Gasparrek esan zion Antonio Venero bere kontu-eramaile bilbotarrari ea egingo zion mesede, baina Antoniok eskrupulu gehiegitxo, itxuraz, eta ezetz, baina igoal Jon Jauregi bere laguntzaileak... Jon Jauregik ere bazituen eskrupuluak, baina diruaren zatitxo bat eskaini ziotenean, eta halako magia baten bidez ikustezina bihurtuko zela sinetsarazi, Joan Jauregi prest agertu zen Gilen erroien jaki bihurtzeko.

Eman zioten Joan Jauregi horri bolboraz betetako zizpa, bidali zuten Gillengana, iritsi zen haren etxeraino, eta danba!

Lehertu zitzaion arma eskuetan, zauritu zen bera, zauritu zuen, larri, agintaria (belarrian eta masailezurrean), eta nola ez zen ikusezin bihurtu, hantxe bertan akabatu zuten ezpata eta alabarda kolpez.

Sikario ofizioa oraindik ez zegoenez oso ondo antolatua, Joanen arropen artean aurkitu zituzten gaztelaniaz idatzitako hainbat paper konplotaren osotasuna agerian uzten zutenak. Antonio kontu-eramailea eta Antonio Timmermans fraidea garrotez hil ondoren zatikatu eta jendeak ikus zitzan hiriaren lau izkinetan jarri zituzten. Gaspar ez. Gasparrek bazekien badaezpada ere zer zen eta espainolen mendean zegoen Brugge (Brujas) hirira joana zen eginkizunen bat egitera. Ez zuten harrapatu.

Gillen Orangekoa sendatu zen, baina handik bi urtera Balthasar Gerard katolikoak bi tiroz hil zuen, 80.000 arrazoirengatik. Bakoitzak atera beza bere ikaskizuna. Nik nirea: ez da beti neurri bera erabiltzen bekatua neurtzeko, ezta ere, ondoren, barkazioa emateko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide