Ostiralean da Santa Zezilia Eguna, Nazioarteko Musikarien Eguna, eta beste urte batez, ildo ezberdinetako herriko musikari eta abeslariak kalera aterako dira, kaleak doinu ederrez girotzera. Lehenak, Imanol Urbieta Udal Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak izango dira, ostegun arratsaldean: urteroko ohiturari jarraiki, Euskal Herriko musika eskolek antolatzen duten Musikalean egitasmoa ospatuko dute, 17:30etik aurrera.
Musika eskolako sarreratik abiatuko dira, Zigordia kaletik, hiru multzotan, eta bakoitzak kalejira bana egingo du herrian barna. Amaieran, guztiek bat egingo dute Musika Plazan, eta bertan txokolatea banatuko zaie parte hartzaile guztiei.
Santa Zezilia Egunean, Zarautz Abesbatza, Montetxio Abesbatza, Udaberri Abesbatza, Zarautz Kantuan eta Schola Cantorumeko abeslariak kalez kale ariko dira kantuan Musikarien Eguna elkarrekin ospatzeko. Musika Plazatik abiatuko dira 19:30ean eta 21:30 aldera bukatzea aurreikusten dute.
Azkenik, Zarauzko Musika Bandak Santa Zeziliako kontzertua eskainiko du igandean. Merkatu plazako lehen solairuak izango da, 12:30ean hasita, eta Iosu Isastiren zuzendaritzapean, errepertorio ederra interpretatuko dute. Gainera, aurten Euskal Jaien mendeurrena izan denez, emanaldi berezia izango dela aurreratu dute.