Tolosako 42. Titirijai txotxongilo jaialdian parte hartzera etorri den Di Filippo Marionette konpainia italiarrak ikuskizuna eskainiko du Modelo Aretoan. Antolatzaileek azaldu dutenez, kabaret estiloko hitzik gabeko ikuskizuna izango da: "Pertsonaia bakoitzak bere istorioa kontatuko du, mugimenduaren, musikaren, zuzeneko kantuaren eta aktore-titiriteroekin izandako elkarreraginaren bidez".
Ikusleek txotxongiloak gertutik ikusi ditzaten, aretoaren lehenengo lerroetako aulkiak bakarrik erabiliko dira. Hori horrela, bi saio egingo dituzte igande goizean: lehenengoa 11:30ean hasiko da, eta bigarrena, aldiz, 12:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko Modelo Aretoko txarteldegian eta Kutxabank-eko atari digitalean.