Gukasteka

Denen begiradapean

Mireia Galarza Bastida 2024ko abenduaren 10a

Ume bat, bere begi baten irudia argazki batean duela. (Envato)

Inguruan dauden kamera mota guztien inguruko iritzi artikulua idatzi du Zarautz Gukako kazetari Mireia Galarza Bastidak azaroko hirugarren asteko GUKAstekaren Behatxuloa atalean.

Azkenaldian, ohikoa da bulegoan kanpoko jendearen bisita jasotzea. Azkenean platoa izango dugu Gukako kazetariok, Zarauzko gure lokalaren sotoan, eta horrenbestez, taladro zaratak eta hauts lainoak eguneroko ogia izan dira azken egunotan. Alarma berria jartzera ere etorri dira, eta hor ere berriro egokitu zaigu aipatutako tramankulu berarekin belarriko zulorainoko zaratak jasatea. Lehen ere bazegoen alarma, baina orain, bi kamera jarri dituzte, teorian, etxekoa ez den norbait lapurtzera sartzen bada guri abisua iritsi eta nor den ikusi ahal izateko. 

Iritzi hau idazten ari naizen une berean, baina, konturatu naiz nire begirada pixka bat eskuinaldera biratu, eta hortxe daukadala alarmako kameraren objektiboa, niri begira, zuzen-zuzenean, bulegoan egoten naizen ordu guztiak, atsedenik gabe gaizkile bat izango banintz moduan. Hausnarketa honen denbora tarte berdintsuan elkarrizketatu nuen ingurumen zientzian eta teledetekzioan aditua den zarauztar bat, eta orbita baxuan biraka dabiltzan sateliteei buruz hitz egin zidan. Lurretik 400-700 kilometrora omen daude kokatuta horiek, eta ikuspegi sinoptikoa eskaintzen dute, denboran jarraia den ikuspegia, alegia. Horiek klima aldaketarekin lotutako hondamendiak, ozeanoko mugimenduak edo altimetriak lantzeko erabiltzen dituzte, besteak beste.

Etikaren kontua ere atera zen elkarrizketa amaieran. Izan ere, ikusten ez ditugun zenbat kamera ditugu inguruan? Zertarako erabiltzen dira horiek? Eta zilegi al da segurtasunaren/babesaren/aurrerapen zientifikoen aterkipean horiez inguratuta bizitzea? Beste edozein arlotan bezala, nire ustez erantzuna garbia da: ongizate orokorra lortzea helburu badute, ongi etorriak izan daitezela, baina bakar batzuen interesak defenditzeko baldin badira, itzal ditzatela. 

Iritzi artikulu hau GUKAsteka Zarauzko astekari digitalean argitaratu zen duela aste batzuk. GUKAsteka astean behin bidaliko zaie harpidedunei, buletin formatuan eta posta elektronikoz. Agerkariak hainbat atal izango ditu, baina protagonistak beti izango dira Zarautz eta zarauztarrak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide