Itsas Zaintza Sareak, Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan, itsas hondakinak jasotzeko auzolana antolatu du gaur goizean Zarauzko hondartzan. 11:00 aldera, hainbat familia hasi dira biotopo ingurura gerturatzen. Bertan, egitasmoaren antolatzaileek eskularruak eta zakuak banatu dizkie gurasoei eta haurrei, hondakinak jasotzerakoan babestuta egon daitezen.
Eskularru guztiak banatu ondoren, partehartzaileak multzoka antolatu dira, kasu honetan, familietan. Eta biotopoko pasalekua igaro ostean, hondartzara jaitsi dira eta bertan aurkitu dituzten hondakinak eta plastikoak zakuetan sartu dituzte. Tarteka, zenbait haurrek galderak egin dizkie antolatzaileei jaso dituzten hondakinen inguruan. Izan ere, egitasmoaren helburua, garbiketaz gain, herritarrak hondakinen eta kutsaduraren inguruan hezitzea da.