Lagunartean jokatu dute III. Kilter Txapelketa Klimb rokodromoan

Julene Sorarrain 2024ko aza. 16a, 15:00

Eskaladako maila guztietako jendeak hartu du parte Klimb Zarautzen jokatu den kirol ekitaldian. 

Guztira 28 partehartzaile izan ditu atzo arratsaldean Klimb Zarautz rokodromoan jokatu zuten Boulder-Kilter txapelketak. Hiru tandatan banatu zuten lehia. Hasteko, 4a 30 gradutara inklinatuta ekin zioten txapelketari, eta bukaerarako, 8b 50 gradutara iristeko erronka iritsi zen. 

Hori horrela, lehenengo probako podiuma Leire Mendizabalek, Anton Rojok eta Jon Larrañagak osatu zuten. Bigarrenera, aldiz, Iraultza Azkue, Arkaitz Urien, Andima Arregi, Adrian Rodriguez, Aitor Alzelai eta Igor Okina igo ziren. Eta azken probako podiuma, berriz, Aimar Barbeirak, Maddi Agirrek eta Pablo Cuencak osatu zuten. 

Klimb Zarautz elkarteko kide den Ander Gorostizuk "formatu berezia" duen txapelketa honen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, ez du norgehiagoka bezala definitzen, baizik eta "partehartzea sustatzen duen jarduera bat" bezala: "Maila altua edo baxua izan arren, eskaladak hori du berezi: maila eta adin ezberdineko jendea batera ibili daiteke eta denek denei animatu". 

Argazkiak: Klimb Zarautz rokodromoa. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide