'Azken erromantikoak' filma emango dute egunotan Modelon

Intza Trula 2024ko aza. 16a, 09:00

Haurrek, berriz, Go!azen telesailaren denboraldi berriko lehen kapituluaren aurrestreinaldiaz gozatu ahal izango dute gaur eta bihar.

David P. Sañudo zuzendariaren Azken erromantikoak filma emango dute gaurtik hasi eta astelehenera arte Modelo aretoan. David Perez Sañudo zinegile bilbotarraren film dramatikoa da –aurretik Ane zuzendu zuen–, eta Miren Gaztañaga, Maica Barroso, Erik Probanza, Itziar Aizpuru eta Ignacio Mateos aktoreek hartzen dute bertan parte.

Txani Rodríguez laudiotarrak 2020an idatzitako Los últimos románticos eleberrian oinarrituta dago pelikula, eta Donostiako Zinemaldian parte hartu du aurten, New Directors sailean.

Irunek, joera hipokondriakoak dituen emakume dudatsu eta bakarti batek, herri industrial baten kanpoaldeko fabrika batean egiten du lan. Iruneren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Iruneren oreka hauskorra apurtu egingo da bularrean koskor bat detektatzen diotenean eta, aldi berean, lan-gatazka bati aurre egin beharko dio. Orduan, emakumearen bizitzak ustekabeko norabide bat hartuko du: baliteke ez jakitea, baina betitik itxaron duen aukera izango du.

Horrez gainera, gaur eta bihar, haurrentzako Go!azen telesailaren denboraldi berriko lehen kapitulua emango dute Modelon.

Gaur, larunbata

  • 16:45. Go!azen aurrestreinaldia.
  • 19:15. Azken erromantikoak .
  • 22:15. Azken erromantikoak.

Bihar, igandea

  • 16:45. Go!azen aurrestreinaldia.
  • 19:15. Azken erromantikoak.

Azaroak 18, astelehena (ikusleen eguna)

  • 17:00. Azken erromantikoak.
  • 19:30. Azken erromantikoak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide