Arranoko Lerroarte literatura txokoaren saio berri bat egingo dute bihar arratsaldean. Oraingo honetan, Eztizen Artola idazlea izango da gonbidatua, eta Gurpilak izeneko bere azken liburua izango du hizpide, 18:30etik aurrera, Arranoko bunkerrean. Saioa doakoa izango da, eta aretoak edukiera bete arteko muga izango du.
Ume motxiladun baten bizipenak jaso ditu Artolak bere estreinako eleberrian; Txalapartaren babesean argitaratu du. Denboran luzatutako sakabanaketan murgildu, eta orain arte literaturan kontatu gabeko espazio bati hitzak jarri dizkio idazleak.