Zarauzko borrokalariak gertu daude etziko K-1 jaialdirako

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 14a, 12:30

Kuraia Zarautz taldeak hemeretzigarrenez antolatu du kickboxing lehiaketa. Taldeko lau kidek parte hartuko dute; horietatik hiruk ofizialki egingo dute debuta.

Basque Country K-1 Euskal Herria jaialdiaren ekitaldi berria antolatu du Kuraia Fight Klub Zarautz taldeak larunbaterako; Aritzbatalde pilotalekuan izango da. Hemeretzigarren aldiz egingo dute, eta jada «hitzordu klasikoa» bihurtu da kickboxing borroka artea maite duten euskal zaleentzat. «Jendea desiratzen dago, jaialdira etortzeko eta borrokak zuzenean ikusteko gogoz. Besteak beste, Gasteiztik eta Bilbotik deitu digute sarrerak nola lor ditzaketen galdezka», azaldu du Kuraia Zarautzeko entrenatzaile eta jaialdiaren antolatzaile Asier Garaiarrek. Zerk egiten du, bada, berezi lehiaketa? «Jendeak esan ohi dit baduela aparteko xarma, sortzen den giroagatik edo lekuak duen indarragatik», gaineratu du Garaiarrek.

Jaialdia ezaguna da borroken ikuspegi anitza kontuan hartzen duelako antolatzerakoan. Profesionalen mailako bi lehia izango dira –Unai Iruretagoienaren eta Yaniss Sellinen artekoa, eta Kevin del Rioren eta Ayoub Jouaou Regdouren artekoa–, emakumeen buruz buruko bat –Iratxe Itoiz eta Mai Linh ariko dira aurrez aurre– eta amauter mailako hainbat konbate; horietako askorentzat lehen plaza izango da Zarauzkoa, debutatzeko tokia.

Debutaren ilusioa

Kuraia Zarautzek lau ordezkari izango ditu etzi olanaren gainean, eta horietako hirurentzat aurkari baten kontra indarrak neurtuko dituzten estreinako aldia izango da. Gorka Castro, Diego Aragon eta Peru Agirrezabala dira hiru hasiberriak; eskarmentua duena, aldiz, Aritz Irureta. Multzoa buru-belarri prestatzen aritu da azken asteetan, klubak La Salle ikastetxeko tatamian egiten dituen entrenamenduetan.

Castrok, Aragonek eta Agirrezabalak beren buruak prest ikusten badituzte ere, urduritasuna oso presente dute. «Urtebete daramat entrenatzen, eta gogoz nago borroka egunerako», dio Agirrezabalak. Etxean aritzeak ilusio berezia egiteaz aparte, aldeko elementua iruditzen zaie hori. Izan ere, senideen, lagunen eta herritarren aurrean borroka egiteak motibazioa areagotzen die. Hirukoak ez du zalantzarik, zentzu horretan: «Positiboa da».

Kuraia Donostia klubeko Cristhian Castañeda zarauztarra izango du aurkari Agirrezabalak, eta herritarren arteko pike sanoa egongo dela uste du. «Dena den, horrek lehiatzeko grina pizten dizu. Gainera, irabazten badiozu, zer esanik ez», nabarmendu du. Elkar ez dute ezagutzen, ez dute elkarren berri kickboxing arloan, baina jakin badakite biak ala biak hasiberriak direla. «Bakoitzak bere lana eginda eramango du, eta ahalik eta ondoen borrokatzen saiatuko gara».

Azken momentuan

Aragonentzat eta Castrorentzat azken uneko kontua izan da jaialdian parte hartzea. Nolanahi ere, zentratuta ikusten du bere burua Aragonek: «Prestaketa aldetik, oso urte ona izan da eta gogotsu igoko naiz oholtzara, nahiz eta urduritasuna sentitu». Kezkak kezka, hasiberrien zorte onarekin egiten du amets, poztasun hori du behintzat. Kuraia Donostiko Julen Elosegi izango du aurkari, bera baino urte batzuk helduagoa, baina horrek ez dio ardura: «Nirea egitera aterako naiz, eta kito».

Castrori duela bi aste abisatu zion entrenatzaileak jaialdian debuta egiteko aukera zuela, eta bi urtez jo eta su entrenatzen aritu ostean, prest dagoela erabaki du. Orain arte ez du borrakaldirik ikusi gertutik, Zarauzko jaialdian ere ez da izan, eta zuzenean oholtza gainera igota ezagutuko du zer den halako kirol ekitaldi bat. «Gogotsu nago guztia bizitzeko», adierazi du. Haren aurkaria Iker Blanco izango da, hori ere Kuraia Donostia taldekoa.

Aritz Irureta da guztietan esperientzia gehien duena, bost borrokaldirekin. Larunbatekoa Zarautzen parte hartuko duen hirugarren aldia izango du, eta aurrean lehiakide ezagun bat izango du: Lander Baile. Duela bi urte harekin egin zuen borrokan, eta aurtengo martxoan errebantxa jokatu zuten; etzikoa bigarren errebantxa izango dute. «Ongi sentitzen naiz, irabazteko ilusioz eta arantza kentzeko asmoz nago».

Oktogono formako itxitura

Aurtengo Basque Country K-1 Euskal Herria jaialdiak berritasun nabarmen bat izango du, publikoak lehen bistaratzean berehalakoan igarriko duena. Orain artean, aurreko ekitaldi guztietan, borrokaldiak lau alde dituen ohiko ring baten gainean jokatu dituzte. Larunbatean, baina, oktogono formako itxitura batean lehiatuko dira borrokalariak, UFCko konbateak egiten dituzten kaiolaren pareko.

Garaiarren arabera, «esperientzia berri bat izango da parte hartzaileentzat, eta gainera, balio erantsi bat emango dio horrek jaialdiari». Ikusleek ez dute halakorik espero, eta «sorpresa atsegina» jasoko dutela dio; are gehiago, azkenaldian borroka arte mistoetan puri-purian dagoen Ilia Topuria borrokalariak hartu duen sonarekin.

Jaialdia 17:30ean hasiko da, baina Aritzbataldeko ateak ordubete lehenago zabalduko dituzte. Sarrerak 20 euroan daude salgai aurrez, eta egunean bertan, 23 euroan izango dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide