Querer telesailaren lau kapituluak emango dituzte datozen bi ostegunetan, Modelo aretoan. Aurreneko bi kapituluak bihar ikusi ahal izango dituzte herritarrek, 19:00etan hasita, eta azken biak, berriz, datorren ostegunean, azaroaren 21ean.
Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak antolatu ditu hitzorduak, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako egunaren harira. Doako emanaldiak izango dira biak, baina herritarrek gonbidapenak eskuratu beharko dituzte. Horiek Modeloko txarteldegian banatuko dituzte emanaldi biak hasi baino ordubete lehenago.
Senarrak behin eta berriz bortxatzen duen emakume baten istorioa du oinarri Querer lanak. Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako telesaila da, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, Movistar+ plataforman dago ikusgai.