Paulo Azpiazu gailendu da harri jasotzen Urdanetako sanmartinetan

Onintza Lete Arrieta 2024ko aza. 13a, 09:51

Harri jasotze txapelketako partaideak, Markesko harria aurrean dutela, txapelketa amaitu berritan. (Utzitakoa)

San Martin egunaren bezperan, igandean, harri jasotze txapelketa egin zuten Aiako auzoan Markesko harriarekin, eta hainbat zarauztar lehiatu zen bertan.

Urdanetan amaitu dituzte sanmartinak, eta San Martin egunaren bezperan, igandean, egitarau oparoa izan zuten, gainera.

Besteak beste, harri jasotzen aritu ziren auzotarren aurrean. 150 kiloko Markesko harri kubikoarekin egin zuten lehia Iraitz Arruti, Xabat Olaizola, Paulo Azpiazu eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a harri jasotzaileek. Ainitze Zumetak, berriz, erakustaldia egin zuen 75 kiloko zilindroarekin eta 70 kiloko baldarrarekin. 18 eta 11 jasoaldi eman zizkien harriei, hurrenez hurren.

Txapelketari dagokionez, bost minutuko txandetan aritu ziren, eta Paulo Azpiazuk egin zituen jasoaldi gehien, 14 guztira. Xabat Olaizola izan zen bigarren, 11 jasoaldirekin. Izeta IV.ak bederatzi jasoaldi lortu zituen,  eta Iraitz Arrutik, berriz, sei.

Jaietako egitarauan iragarrita zegoen Mikel Lopetegi Urraren parte hartzea, baina azkenean ez zen Urdanetan izan.

Taldeko argazkian, partaideak umoretsu. (Utzitakoa)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide