Ostiralean hasiko da Zarautz Hotz pertsona errefuxiatuen aldeko Gabonetako VIII. Azokarako materiala biltzen. Astelehenetik larunbatera, egunero bilduko dute materiala Patxiku kaleko 5. zenbakian (Milar Visson denda kokatuta zegoen tokian), 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Askotariko materiala jasoko dute, baina azokan saltzeko moduan egon beharko dute produktuek, "garbitzeko edo konpontzeko premiarik gabe".
Berrerabilgarria den eta besteentzako erakargarria izan daitekeen materiala bilduko dute, beraz, gero Gabonetako elkartasun azokan saltzeko. Besteren artean altzari txikiak, apaingarriak, ontziteria, beirateria, oherako edo mahairako oihalak, objektu bitxiak, margolanak, ispiluak, lanparak, arropak eta osagarriak –poltsak, gerrikoak, bitxiak...– jasoko dituzte. Liburuak izan ezik, azokan balioa izan dezakeen beste edozer bilduko dutela adierazi dute Hotz Zarautzeko kideek.