Zarautz Abesbatzako hiru abesbatzek Santa Zezilia egunaren bueltako kontzertua emango dute larunbatean, Frantziskotarren elizan, 20:00etan hasita. Hain zuzen ere, 7 eta 10 urte arteko haurren Txinpirin abesbatzak emango dio hasiera emanaldiari; ondoren, 11 eta 18 urte artekoan Zarazte abesbatzak bi kantu abestuko ditu; eta 50 lagunek osatzen duten Zarautz Abesbatzaren txanda izango da gero. Emanaldia bukatzeko, guztiek elkarrekin abestuko dute. Ikasturteko lehen emanaldia izango denez, emanaldi berezia izango dela adierazi dute Zarautz Abesbatzaren arduradunek; izan ere, haurren eta gazteen taldeetako hainbat kiderentzat beren lehen emanaldia izango da.
Santa Zezilia eguna azaroaren 22an izango da, eta egun horretan bertan ere kalera ateratzeko asmoa dutela azaldu dute Zarautz Abesbatzako kideek. Urtero legez, herriko txistulariekin eta kantu taldeekin batera kalez kale ibiliko dira egun horretan.