Hiribusean izandako aldaketak kritikatu ditu EH Bilduk

Juan Luis Romatet 2024ko aza. 11a, 10:30

Hiribusa herriko kaleetan. (Zarauzko Udala)

Zarauzko EH Bilduren arabera, udal gobernuak Hiribusean egindako aldaketengatik zerbitzutik kanpo geratu dira herriko auzo batzuk. 

Hiribusean egindako aldaketak kritikatu ditu ohar baten bidez Zarauzko EH Bilduk. Alderdiaren esanetan, urriaren 7an aplikatu ziren aldaketa horiek "ezinegona" eragin dute herritarren artean, haren ustez, ez dutelako lehen zuten zerbitzua betetzen. EH Bilduren iritziz, zerbitzutik kanpo geratu dira herriko auzo batzuk, hala nola, Azken Portu goia edo industria-poligonoa. "Udal gobernuak auzoetan aurrekontuei buruz egin dituzten bileretan ere, herritar askok beraien kezkak adierazi dituzte, lehen zituzten ibilbideak ez direlako bermatzen eta herrigunetik urrutirago dauden auzotarren zerbitzua murriztu edo zerbitzutik kanpo geratu direlako", adierazi du.

Aldaketa horiek, Zarauzko EH Bilduren ustez, ez diote zerbitzuaren kalitateari erantzuten. "Kalitatea, herritar orok distantzia onargarri batean hiribusa hartzeko aukera izatea da eta erabaki honekin hori ez da bermatzen. Are gehiago, kalitatearen gainetik, zerbitzuaren efizientzia lehenetsi da. Kontratatutako kilometroak handitu eta zerbitzu zabalagoa eman beharrean, zerbitzua berrantolatu eta eremu batzuk ibilbidetik kanpo utzi dira; finean, zerbitzua murriztu da", azpimarratu du.

Mugikortasun ohituretan ondorioak

Zentzu horretan, oposizioko alderdiaren arabera, ordutegiak betetzeari bakarrik eman dio udal gobernuak garrantzia, eta ez zerbitzua herritar guztiei iristeari. Gaineratu du ibilbidea mozteak ondorioak izango dituela zarauztarren mugikortasun ohituretan. "Lehen hiribusa erabiliz egiten zutena orain beste era batera egitera behartuta daude, kasu askotan, ibilgailu pribatua hartuz, guztiz mugikortasun jasangarriaren kontra doana".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide