Azaroaren 17an, igandearekin, itsas hondakinak jasotzeko saioa egingo dute 11:00etan hasita Gipuzkoako sei hondartzatan, tartean Zarauzkoan. Gainerako herriak Zumaia, Pasaia, Donostia, Hondarribia eta Mutriku dira. Itsas Zainza Sareak antolatu du auzolana Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen barruan, eta azaldu dutenez, itsas hondakinak metatzen diren gune estrategikoetan ariko dira hondakinak biltzen.
Interesa duten pertsonak sarearekin harremanetan jar daitezke bilketa bateratuan parte hartzeko edo sarearen parte izateko, itsaszaintzasarea@mater.eus helbidera idatzita, edo 619 81 42 25 whatsapp zenbakira idatziz.
"Itsasoa bizi, gozatu eta ezagutzen duten" 50 eragilek osatzen dute Itsas Zaintza Sarea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak sortutako sarea da, eta bere helburua da itsasoaren kontserbazioa sustatzea, "inplikatutako eragileen ezagutza, ahalegina eta konpromisoa azpimarratuz".