Berrerabilitako materialez egindako orgak eta poltsak zozkatu ditu udalak

Intza Trula 2024ko aza. 10a, 10:00

Olatz Lacomba Urkomeko teknikaria, Gloria Vazquez zinegotzia, Maite Isasti Aitan Toldoak postuko arduraduna eta Ibon Bujan Emaus Fundazioko ordezkaria. (Zarauzko Udala)

Plastikozko poltsak eta erabilera bakarreko produktuak gutxitze aldera, erosketarako lau orga eta hamar poltsa zozkatu ditu Merkatu plazako bezeroen artean.

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak erosketarako lau orga eta hamar poltsa zozkatu ditu Merkatu plazako bezeroen artean. Plastikozko poltsak eta, oro har, erabilera bakarreko produktuak –bereziki, plastikozkoak– gutxitzeko kanpainaren barruan eginiko ekimena izan da. “

Zozkatutako orgak eta poltsak berrerabilitako materialez eginak daude. Emaus Fundazioa arduratu da orgez, eta horiek ekoizteko udalak urtean zehar egindako publizitate kanpainetarako erabili diren lonak baliatu ditu. Poltsak, berriz, Merkatu plazako Aitan Toldoak postuko Maite Isastik egin ditu, eta zakarrontzirako zeuden aterkien telak berrerabili ditu horretarako.

Berrerabilpenak eta plastikozko poltsen erabilera murrizteak hondakin gutxiago sortzen sustatzen duela nabarmendu du Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek. Praktika horiek ekonomia zirkularraren parte direla gaineratu du,  eta berebiziko garrantzia duela plastikoen kutsadurari eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko.

Era berean, Isastiren eskulangintza produktuak azpimarratu nahi izan ditu Vazquezek, eta hautsitako aterkiak beregana eramateko animatu ditu herritarrak, "beste produktuetan bihurtu ditzan, material hauei bigarren bizitza bat emanez eta hondakinen gutxitzea sustatuz”.

Plastikoek ingurumenean daukaten eragina gutxitzeko moduak ere gogorarazi ditu zinegotziak: "Lehenbizi euren erabilpena murriztu; bigarrenik, berrerabili; eta aurreko bi aukerak bete ezin direnean, birziklatu".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide