Valentziako uholdeek eragindako kalteak handiak izan dira, baina handia izan da, aldi berean, bertako herritarrak beste norbanako nahiz elkarte batzuengandik jasotzen ari diren laguntza. Aurreko asteburuan hasi zen Zarautz Dana taldea oinarrizko produktuen bilketak egiten herrian, anbulatorio parean, hain zuzen ere, eta astelehenean irten zen Valentziara lehen furgoneta.
Talde bera dago oraingoan kokatuta Santa Klara komentuko areto nagusian, 10:30etik 12:30era eta 18:00etik 20:00era. Izaskun Dorronsoro taldeko kideak azaldu duenez, beraiek lehen lerrotik dakite ondorioak jasan dituzten zonaldeetan zer behar duten: "Tolosako HCA zerbitzuak taldeko kideetako bat zarauztarra da, eta beraiek jada Valentzian dabiltza laguntzen. Guri beraiek esaten digute zer den behar dutena, eta horren arabera gauza bat edo bestea eskatzen dugu", dio.
Azaldu duenez, garbiketa materiala da, oro har, gehien behar dutena: palak, katiuskak, linternak, kandelak, maskarillak, garbiketarako eskularruak, eskorgak, erratz gogorrak... Horretaz gain, higienerako produktuen beharra ere "nabarmena" dela gehitu du Dorronsorok. Arroparik, aldiz, ez dutela behar esan du. Hala eta guztiz ere, une oro jakiten dutenez zeintzuk diren beharrak, horiek "aldakorrak" direla nabarmendu nahi izan du: "Herritarrek ekarpenak egin nahi badituzte, onena da guri galdetzea zer behar dugun", dio. Boluntarioak ere beharrezkoak direla eman du aditzera Dorronsorok: "Bilketak egiteko nahiz bertara gerturatu nahi duena ere gurekin jarri daiteke harremanetan Santa Klarara gerturatuta. Hau luzerako joango da, denen laguntza behar dugu ".
Norbanakoez gain, gainera, hainbat enpresak ere erakutsi dute interesa laguntzeko, besteak beste, KSB Iturrek. Izan ere, ura ateratzeko hiru makina eman dizkio taldeari.
Beste eragileekin elkarlana
Dana Zarautz taldeaz gain, bada bilketa egingo duen beste herriko talderik ere. Zehazki, Hiruputzu gaztetxeak eta Danda Gazte Asanbladak biharko jarri dute hitzordua, eta bertan jasotako materiala Dana Zarautz taldeari emango diote, haiek Valentziara eraman dezaten. 10:00etan egingo dute bilketa, Hiruputzun bertan. Honako produktuak eraman daitezke: katiuskak, higiene pertsonalerako produktuak, kaleen garbiketarako materiala, garbiketa produktuak, botiletan datorren ura...