Memoriaren Eguneko ekitaldia egingo dute igande eguerdian

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 8a, 09:00

Iazko Memoriaren Eguneko irudi bat. (Juan Luis Romatet)

Ohi bezala, Arrosategi parkean izango da, 12:00etan hasita, eta udaleko alderdi guztiak bat egingo dute bertan. Herritarrei ekitaldian parte hartzeko deia egin diete.

Azaroaren 10a Memoriaren Eguna da, eta horren harira, urtero bezala, ekitaldia antolatu dute Zarautzen. Egunean bertan izango da, igande eguerdian, eta herritarrei parte hartzeko deia egin diete.

Arrosategi parkea indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortzeko espazio bateratu bilakatuko da, 12:00etatik aurrera, eta bertan, udaleko talde politiko guztiek parte hartuko dute elkarrekin. Idazki bat irakurriko dute ekitaldian, eta bereziki, desberdin pentsatzeagatik indarkeria jasan edo mehatxupean bizi izan diren biktimak gogoratuko dituzte.

Jarraian, udal ordezkariek eta bertaratzen diren herritarrek bost minutuko isilunea egingo dute, eta, amaitzeko, lore eskaintza egingo diote Memoriaren Arbolari; halaber, Memoriaren Liburuan sinatzeko aukera egongo da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide