Valentziarako produktuak biltzen ari dira Shelterren

Intza Trula 2024ko aza. 6a, 16:15

Izeta Sagardotegiak dagoeneko bete du kamioi bat, eta gaur bertan abiatuko dira Valentziara. Hiruputzu gaztetxean, berriz, larunbatean egingo dute bilketa, 10:00etatik aurrera.

Uholdeek bortizki kolpatu zituzten duela astebete Valentziako hainbat herri, eta kalteak konpontzen laguntzeko bilketak egiten hasi dira Zarautzen.

Shelterren, esaterako, gaur goizean hasi dute bilketa, eta zehaztu dutenez, ostiralean 18:00etara arte eraman ahal izango da materiala. Horrez gainera, Hiruputzu gaztetxeak eta Danda Gazte Asanbladak larunbaterako jarri dute hitzordua. Hain zuzen ere, 10:00etan egingo dute bilketa, Hiruputzun bertan.

Honako produktuak eraman daitezke: katiuskak, higiene pertsonalerako produktuak, kaleen garbiketarako materiala, garbiketa produktuak, botiletan datorren ura...

Izetako furgoneta, Valentziarako prest

Izeta Sagardotegian, berriz, dagoeneko bete dute furgoneta bat, eta gaur bertan abiatuko dira Valentziara. Bilketaren arduradunaren esanetan, "produktuak ez ezik, diru laguntza asko" jaso dituzte herritarren partetik. "Jende asko hurbildu da laguntzera; ez genuen horrelako harrera espero, inondik inora ere".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide