Utopian gara aske, zutunik lelopean, Zarauzko EH Bilduk Herri Batzarra egingo du ostiral honetan, EH Bilduren III. Kongresuari buruz, eta horretarako, Ander Goikoetxea EH Bilduko legebiltzarkidea izango dute gonbidatu.
Hain zuzen ere, EH Bilduren lokalean izango da hitzordua, 18:00etan hasita, eta koalizio subiranistak herritarrak gonbidatu nahi ditu bertara joatera.
EH Bilduren III. Kongresua ospatzera doa, prozesua abian da eta otsailaren 8an bukatuko da Iruñean. Etzi, beraz, abian den kongresu horretako ponentzien aurkezpena egingo dute, Goikoetxea bidaide dutela. Besteak beste, bertan proposatzen dituen ildo politikoei buruz, eta antolaketa eta funtzionamenduari buruz egindako proposamenak zeintzuk diren azalduko dute. Jendeak parte hartzeko aukera ere izango duela azaldu du taldeak.
Horretaz gain, batzarraren amaieran Bilboko manifestazioa dela eta, argazki jendetsu bat aterako dute bertaratzen direnek.