William Houben argazkilari belgikarraren irudi batekin apaindu du udalak Inurritzako komun garbigarriaren atzealdea. 1928. urteko argazki bat da, eta bertan ageri dira, besteak beste, Manuela Aguirrezabal, Juanito Iraola, Albixu eta Sole Garcia herritarrak. Udalak zehaztu duenez, Photomuseumek utzitakoa da argazkia; izan ere, 2006. urtean Houbenen argazki bilduma bat zabaldu zuten bertan.
Gordeta dauden Houbenen lanak 80 inguru besterik ez dira, eta horiek herritarrek gordetakoak dira. Izan ere, bere lanak piztutako arreta eskasak sortutako desilusioaren aurrean, bere lan guztiak suntsitu zituen argazkilariak Zarauzko zenbait bizilagunen aurrean. 1924. urtean iritsi zen Zarautzera eta 1931ra bitartean familia giroko eta jai herrikoietako eszenak jaso zituen bere kamerarekin.