Ia astebete igaro da uholdeek Mediterraneo mendebaldea kolpatu zuenetik. Valentzian gertatutako hondamendi naturalik handiena izan da eta 217 pertsona dira oraingoz konfirmatutako hildakoak. Kalteei aurre egiteko asmoz, Zarauzko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 10.000 euro bideratu ditu larrialdietarako funtsetik.
Katastrofea gertatu zenetik inguru horretan behar den laguntza humanitarioa kudeatzeaz arduratzen diren erakundeekin eta ekimenekin harremanetan dago udala. Instituzioaren esanetan, "laguntza eskatutako bideen bidez bideratu da".
Era berean, udalak Santa Klarako eraikina Zarauzko boluntarioen sare solidarioaren esku jarri du, ezbeharrak kaltetu dituen herriei eta herritarrei laguntzeko bilketak egin ahal izateko.