Ostegunean eman zioten hasiera aurtengo Nazioarteko Ahotsak zikloari, Indonesiako The Resonanz Children´s Choir abesbatzaren emanaldi gogoangarriarekin. Atzoko etenaren ondoren, gaur jarraituko du Lituaniako Vilnius Bel Canto Choir taldearekin, 20:00etan, Frantziskotarren elizan. 2014an, World Choir Games lehiaketa irabazi zuen Vilnius Bel Cantok, eta 2023an berriro lortu zuen, orain arte lortutako puntuazio altuenarekin.
Bihar, berriz, toki eta ordu berean, Suediako Storkyrkans Kammarkor ganbera abesbatzaren txanda izango da. 2023ko abuztuan sortu zuen Helene Stureborgek, sona handiko zuzendariak, eta berehala, interes handia piztu zuen.
Sarrerak emanaldia hasi baino lehen eskuratu ahal izango dira eliz atarian, 5 euroan; Zarautz Abesbatzaren lagunentzat, berriz, 3 euroan.