Azaroaren 1a

Arimen aitzakian, festa

Aitziber Arzallus 2024ko aza. 1a, 13:00

Jendetza batu zuten atzo iluntzean Gau Beltzaren ospakizunek. Jalgi dantza taldeak hirugarren urtez jarrian antolatutako egitarauan, herriko beste hainbat elkartek ere parte hartu zuten, eta ehunka izan ziren haiekin batera kalejiran ibili ziren herritarrak.

Mozorro beldurgarriak soinean, Jalgi dantza taldeak antolatuta, Gau Beltza hirugarren urtez jarraian ospatu zuten atzo Zarautzen, gogotik ospatu ere. Jalgiko kideez gain, atzoko jaian beste hainbat taldek ere parte hartu zuten, hain zuzen ere, Alprojak, Zarautz TRIKek, Erraldoi Txikiak taldeak, Motxian-Etxebeltz bertsoguneak eta Gurutxurtu aisialdi taldeak. Jalgiko dantzariak Imanol Urbieta musika eskolatik aterako ziren Alprojako kideekin batera, 19:00etan. Lapurdi kaletik Zigordia kalera joan ziren, eta, San Frantzisko kaletik barrena, Kale Nagusira sartu, Frontoi Txikian geldialdia egin ondoren. Handik, Musika Plazara joango ziren. Ondoren, Lege Zaharren Enparantzara sartu ziren, eta han egin zuten festa amaierako ekitaldia. Jalgiko eta Alprojako kideak iritsi aurretik, baina, Motxian-Etxebeltzeko kideek bertso batzuk kantatuko zituzten.

Bestalde, Zarautz TRIK eta Erraldoi Txikiak taldeetako kideak herriko kaleetan zehar ibili ziren Lege Zaharren Enparantzara iritsi aurretik. Denak plazan bilduta, amaiera ekitaldian dantzari, antzezle eta bertsolari guztiek parte hartu zuten. Gainera, Lege Zaharren Enparantzako saioa biribiltzeko, Zarautz TRIKek festa luzatuko zuen 22:00ak arte, herritar denentzako irekia izan zen erromeriarekin. Ondoren, 22:00etatik aurrera, Santa Klaran, Gurutxurtu aisialdi taldeak hainbat jolas antolatu zituen  10 zituen urtetik aurrerakoentzat.

(Argazkiak: Gorka Eizagirre)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide