Iraia Elias: "Aurretik egin ohi izan dudanetik urrundu naiz antzezlan honetan"

Julene Sorarrain 2024ko aza. 1a, 12:00

Iraia Elias aktorea, antzezten. (Tartean Teatroa)

Non dira haurrak? antzezlaneko aktoreetako bat da Iraia Elias (Zarautz, 1980). Irailean estreinatu zuten, eta igandean Azpeitiko Antzerki Topaketen jaialdian taularatuko dute.

Zeri buruzkoa da obra hau eta zerk egiten du berezi zuretzat?

Jokin Oregik bidali zidan Non dira haurrak? lanaren testua. Hasiera batean, oso gordina zela iruditu zitzaidan. Haurrei hitz egiten dieten heldu batzuei buruzko lana da. Nire pertsonaia psikologoa da, eta bere kontsultan paziente gazte bat du. Baina haur horren psikologoaz gain, bere gurasoak ere agertzen dira obran. Oro har, haurrak daude eszenetan, baina ez ditugu ikusiko. Beraien ordez, haur horien inguruko helduak ikusten ditugu, beraien erretratu bat, zehazki.

Niretzako proiektu interesgarria izan da, aldendu egiten delako antzerkian egin izan ditudan gauzetatik. Orokorrean, guk geuk sortzen ditugu lanak, eta komedia egiten dugu. Kasu honetan, testu askoko antzezlan bat izan da, tonu serioagokoa, gainera. Hori horrela, erronka polita izan da, nire burua beste leku batean jartzeko eta zerbait ezberdina probatzeko. Testua gordina da, baina gozotasuna eta esperantza ere badu. Iruditzen zait zerbait eragin dezakeela publikoarengan.

Zure pertsonaia psikologoa dela esan duzu. Nola deskribatuko zenuke? Psikologoa da, baina baita ama ere. Kontsultara etorri den haurrari lagundu nahi dio. Baina haur horien bitartez, helduen errealitatea erakutsiko da; haurrak inguratzen dituen heldu horien errealitatea, hain zuen. Helduak haurren ispilu izango dira, eta beren pentsamenduak, hausnarketak eta frustrazioak erakutsiko dituzte. Haurrak aitzakia dira helduei buruz hitz egiteko.

Gainera, obran zehar helduei egindako hausnarketak agertuko dira. Hezkuntzaren inguruan hitz egitean, batzuetan hitz politak erabiltzen ditugu, baina errealitatean, gure jokabideak beste batzuk dira. Haurrek ez dute ikasten gu erakusten saiatzen garena, baizik eta ikusten dutena.

Zer erronka planteatu dizkizu pertsonaia hau interpretatzeak?

Testu asko duen obra bat da, beraz, alde horretatik, berria izan da niretzat. Testu asko ikasi behar izan dut, baina disfrutatu ere egin dut. Nik, orokorrean, gorputza asko erabiltzen dut, antzerki fisikoa deituko nioke, baina kasu honetan, testua nagusitu da. Hori izan da erronka: nola eman mugimendua testuari, nahitasun batekin, eta nola eragin ikusleek testu horretan zehar bidaiatzea.

Nolakoa izan da lankidetza Jokin Oregirekin eta beste aktoreekin?

Oso ona izan da. Antzezlanean zehar, bakarrizketa txikiak daude, beraz, entseatzeko orduan bakarkako lana izan da gehienbat. Azkeneko astean beste aktoreekin batera egin nuen obra, baina entseguak bakarrik izan dira. Bestalde, Jokinekin oso ondo ulertu naiz hasieratik, eta esperientzia polita izan da.

Mezuren bat lana oraindik ikusi ez dutenentzat?

Berriro diot, testu asko duen lana da. Nik esango nioke jendeari antzokira ideia hertsirik gabe joateko. Bakoitzak jaso behar duena jasoko du. Bakoitzak beretik ulertuko du. Bakoitzari ukituko dio ziur aski teklaren bat. Hori da, behintzat, espero duguna. Denentzat ez da esperientzia berdina izango. Ez espero den-dena ulertu edo jarraitu behar denik, irekita joan eta ea non errebotatzen dion bakoitzari lanak.

Zer beste proiektu dituzu esku artean?

Kamikaze kolektiboarekin batera, Renata izeneko antzezlana prestatzen ari gara egun hauetan. Idazketa fasean gaude oraindik, baina otsailaren 1ean estreinatuko dugu, Durangoko Plateruena antzokian. Sormen prozesuan gaude orain buru-belarri.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide