The Resonanz Children's Choir abesbatzarekin abiatuko da Nazioarteko Ahotsak

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 31a, 09:30

The Resonanz ChildrenĀ“s Choir abesbatza. (Utzitakoa)

Indonesiako taldeak gaur eskainiko du emanaldia, 20:00etan hasita, Frantziskotarren elizan. Sarrerak eliz atarian erosi ahalko dira, saioa hasi aurretik.

Tolosako 55. Abesbatza Lehiaketarekin elkarlanean, eta Zarauzko Udaleko Kultura sailaren laguntzarekin, Zarautz Abesbatzak Nazioarteko Ahotsak zikloaren edizio berria antolatu du. Jaialdiari gaur emango diote hasiera eta astelehenera arte luzatuko da, eta itzal handiko lau abesbatzen emanaldiez gozatzeko aukera izango da.

Zikloari Indonesiako The Resonanz Children´s Choir-ek abiatuko du gaur bertan. Punta-puntako taldea dela aditzera eman zuen Zarautz Abesbatzako zuzendari Jaione Escuderok jaialdiaren aurkezpen agerraldian, "lehiaketetan nagusitasunez irabazten duen horietakoa". 2017an, Tolosako haur abesbatzen lehen saria ez ezik, sari nagusia lortu zuen, eta 2018an, Abesbatza Kantuaren Europar Sari Nagusia.

Urteroko ohiturari jarraituz, emanaldiak Frantziskotarren elizan izango dira, 20:00etan hasita. Sarrerak emanaldia hasi baino lehen eskuratu ahal izango dira eliz atarian, 5 euroan; Zarautz Abesbatzaren lagunentzat, berriz, 3 euroan. 

EGITARAUA

  • Urriak 31, osteguna: The Resonanz Children´s Choir (Indonesia).
  • Azaroak 2, larunbata: Vilnius Bel Canto Choir (Lituania).
  • Azaroak 3, igandea: Storkyrkans Kammarkör (Suedia).
  • Azaroak 4, astelehena: World Vision Children´s Choir (Hego Korea).

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide