Judo Klub Lizardiko judokek hainbat garaipen lortu dituzte asteburuan

Julene Sorarrain 2024ko urr. 30a, 12:00

Iruñeko Kadete Kopan nahiz Gipuzkoako Txapelketan lehiatu dira judoka zarauztarrak. Gainera, judo klubaren 25. urteurrena dela eta, Euskadiko Txapelketa ospatuko dute azaroaren 3an, Aritzbatalde kiroldegian.

Anaitasuna Judo Klubak antolatuta, Iruñeko Kadete Kopa jokatu zuten aurreko larunbatean, Anaitasuna kiroldegian (Nafarroa). Judo Klub Lizardiko kadete mailako lau ordezkariek bi domina eskuratu zituzten, zehazki zilarrezko bat eta brontzezko bat. Isabela Avila, 70 kg baino gutxiagoan, txapeldunorde izendatu zuten, eta Itxaso Manzanasek, 44 kg baino gutxiagoan, hirugarren postua lortu zuen. Klubak azpimarratu nahi izan ditu Irati Aramendi eta Unax Arzallusen emanaldi onak.

Egun eta ordu berean, jubenil eta infantil mailetako Gipuzkoako taldekako txapelketak ospatu zituzten, Urnietako (Gipuzkoa) kiroldegian. Judo Klub Lizardi bost talderekin bertaratu zen, eta horietatik lauk lortu zuten podiumera igotzea, txapelketa "bikaina" eginez. Pisaketa ostean, klubeko teknikari batek gidatu zuen kirolari guztien beroketa, eta gerora pisuaren arabera osatu zituzten taldeak.

Bestalde, Gipuzkoako Senior Txapelketa ere jokatu zuten Urnietako kiroldegian. Bertan lehiatutako hamar judoka sailkatu dira Euskadiko Txapelketan parte hartzeko.

Senior mailako Euskadiko Txapelketa

Judo Klub Lizardik antolatuta, senior mailako Euskadiko Txapelketa ospatuko dute azaroaren 3an, Aritzbatalde kiroldegian. Zarauzko Udaleko kirol sailarekin elkarlanean, lehiaketak Euskal Herriko judoka onenak hartuko ditu. Guztira, 200 lehiakide baino gehiago bilduko dira txapelketan, horien artean bertako hamabost judoka. Txapelketan sailkatzen direnek, bi aste barru Zaragozan ospatuko den Espainiako Txapelketarako plaza bat lortuko dute.

Gainera, Judo Klub Lizardik 25 urte bete ditu aurten, eta klubak abendura arte antolatu nahi dituen jardueren barruan dago lehiaketa hau.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide