Bolarekin borobildu du denboraldia

IƱaut Matauko Rada ('Berria' egunkaria) 2024ko urr. 30a, 09:00

Ainitze Zumeta, aurtengo Bi Harri txapelketan. (Jabi Gonzalez Toston)

Palmareseko lehen Euskal Herriko harri-jasotze txapela lortu du Ainitze Zumetak, eta Karmele Gisasolaren nagusitasuna amaitu. Kirola indartzen ari dela uste du txapeldun berriak. Berria egunkarian argitaratutako erreportajea da honakoa.

Astebete baino gehiago igaro da Euskal Herrian harri jasotzeko txapeldun berria dagoenetik: Ainitze Zumetak (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) altxatu zituen kilo gehien Mungiako plazan (Bizkaia), 5.412,5 zehazki, eta Karmele Gisasolaren lau urteko nagusitasuna amaitu zuen. Euskal Herriko lehen txapela du harri jasotzaile zarauztarrak, eta garbi utzi du datozen urteetan gehiagoren bila joango dela: "Uste dut hurrengo urterako zenbakiak hobetzeko kapaza izango naizela, ezer pasatzen ez bada".

Denboraldi bikaina egin du Zumetak: duela bi urte inguru hasi zen harriak jasotzen, eta jada lortu du Euskal Herriko txapeldun izatea, baita Uliako Harriaren errekorra egitea ere. "Oso ondo" ikusi du bere burua denboraldi honetan, eta uste du horren gakoa teknika hobetzea izan dela. Crossfit-etik eta indar munduko kiroletatik iritsi da zarauztarra harri jasotzaileen mundura, eta horrek ondo hasten lagundu ziola uste du. Teknikan zuen hutsunea indarrez betetzen zuela azaldu du: "Azkarrago husten nintzen. Aurtengo txapelketan, adibidez, errekorra egiteaz gain, hobeto amaitu dut".

Iaz, Karmele Gisasolak ordura arteko kilo gehien altxatu zituen, baina, aurten, Zumetak ia 350 kilo gehitu dizkio aurten. Hala ere, aurkari estua atera zaio: Estefania Etxebeste, 22 urteko nafarra. Are gehiago, eguneko lehen bi lanetan, harri zilindrikoarekin eta kubikoarekin, Zumetaren aurretik izan zen Etxebeste. 75 kiloko zilindroan Zumetak baino hiru altxaldi gehiago egin zituen Etxebestek. Hala ere, hori espero zuen Zumetak, aurrez ikusi baitzuen nafarra zilindroa altxatzen: "Alkizan ikusi nuen 75 kiloko harriarekin zeinen erraz moldatzen zen". Hala ere, ez zuen espero kuboan ere Etxebestek altxaldi bat gehiago egitea.

Erreportaje osorik irakur daiteke Berria.eus webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide