Urtero bezala, Zarautz Surf Elkarteak antolatuta, Zarauzko Surf Txapelketa herrikoia jokatzen ari dira, Ibon Imaz zenaren oroimenean, Borghetto parean. Hainbat mailatan bereizita jokatzen ari dira aurten ere, baina baldintzak benetan gogorrekin egin dute topo surflariek: itsaso indartsua benetan, eta euria goitik eta behetik. Horrek, ordea, ez du eragotzi herriko surfaren festa, eta jende ugari bertaratu da goizean goizetik ekitaldia jarraitzera, aterkia eskuetan; beste askok aterpean, txapelketako karpan edo Argiñanoko terrazako karpan aurkitu dute babesa.
Zarauzko surf harrobia potentea da, horretan ez dago zalantzarik, eta Aritz Aranbururi bere ibilbide luzeagatik aitortza egin diote. Horren harira, aurtengo txapelketak luxuzko parte hartzeak ere izan ditu, garai batean herrian bertan jokatzen zen nazioarteko txapelketa oroitzen dutenak. Izan ere, legenden txanda jokatu dute: Aritz Aranbururen batera, Gony Zubizarreta, Eneko Acero, Joan Duru, Alain Riou eta Hodei Collazo aritu dira, esaterako. Horrez gain, ez dira ahaztu behar promesa berriak ere, Keoni Lasa edo Nahia Calderon bezala.
Surf txapelketa herrikoiak bihar jarraituko du, eta finalen ostean egingo dute sari banaketa ekitaldia.