Aizkorako lehen mailako Euskal Herriko Txapelketako finalean lehiatuko da bihar Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. Aurreneko aldiz iritsi da aizkorako finalera, eta Gasteizko Iradier Arenan bost aurkari izango ditu zain: Iker Vicente, Hodei Ezpeleta, Julen Gabirondo, Jokin Urretabizkaia eta Joxean Etxeberria.
Izeta VI.ak lau bider irabazi du Euskal Pentatloi Txapelketa, eta orain, pausoa eman du aizkolari gisa. Finalaurrekoan, Vicente izan zen azkarrena 54, 60 eta 72 hazbeteko bina enbor mozten, 18:11 minutuko markarekin. Aiarra seigarren sailkatu zen, 21:32 minutuko denborarekin, finalerako txartela lortuz.