Zazpi egunez ospatuko dituzte Urdanetan San Martin festak

Onintza Lete Arrieta 2024ko urr. 26a, 13:00

Urdaneta auzoa festetan murgilduta.

Azaroaren 1ean, ostiralarekin, hasiko dituzte jaiak Aiako auzo horretan, eta San Martin egunean amaitu, azaroaren 11n. Bertso afarirako txartelak astelehenera arte egongo dira salgai, egun hori barne.

Astelehen buruzuria tokatzen da aurtengoan San Martin eguna, azaroaren 11. Beren eguna dute Aiako Urdaneta auzoan, eta festa izango da egun horretan, baina baita aurretik sei egunez ere, azaroaren 1ean hasiko baitira auzotarrak San Martin jaiez gozatzen.

Azaroaren 2an, esaterako, bertso afaria egingo dute frontoian, eta harako txartelak aurrez hartu behar dira. Hain zuzen, astelehena, hilak 28, izango da horiek erosteko azken eguna. Urdanetako Izarran eta Izetan egongo dira txartelak salgai, baita Zarauzko Udaberi jatetxean ere. Mahairik ez dute erreserbatuko; horiek momentuan bertan hartu beharko dituzte herritarrek.

Festen lehen egunean, berriz, mus txapelketa egingo dute Indamendi elkartean, 17:00etan hasita, eta bertan jokatu ahal izateko hogei euro ordaindu beharko dira. Bikote irabazleak txapela, garaikurra eta izen ematean bildutako diruaren %30 jasoko du; bigarren bikoteak garaikurra eta izen ematearen %20; hirugarrenak izen ematearen %10; eta laugarren bikoteak, azkenik, izen ematearen %5.

Azaroak 1, ostirala

  • 16:00. Festei hasiera emateko txupinazoa.
  • 17:00. Mus txapelketa Indamendi elkartean.
  • 19:00. Ximor taberna irekiko dute.
  • 00:00. DJ Patx.

Azaroak 2, larunbata

  • 19:00. Triki-poteoa bertsolariek eta trikitilariek alaiturik.
  • 21:00. Bertso afaria Urdanetako frontoian. Bertsolariak: Anjel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia. Gai jartzen: Aritz Hernandez Larrume. Trikitilariak: Julen Rueda Erkizi eta Enaitz Alberdi.
  • Ondoren. Erromeria, frontoian. Ximor taberna ere zabalik egongo da, goizaldera arte, DJ Indatek girotuta.
  • Goizaldean. Gaupaseroen argazkia.

Azaroak 3, igandea, Jubilatuen Eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Auzotarren arteko helduen pala finalaurrekoa eta umeen eskupilota txapelketako finala.
  • Jarraian. Poteoa auzoan zehar Elizagoien ahizpek animaturik.
  • Ondoren. Auzoko nagusiekin bazkaria Indamendi elkartean.
  • Bazkalondoan. Bertso saioa Sebastian Lizaso eta Andoni Egañarekin, eta trikiti doinuak eskainiz, berriz, Elizagoien ahizpak ariko dira. Edonor joan daiteke Indamendi elkartera bertso saioaz gozatzera.
  • 17:30. Lehen mailako emakume aizkolarien Gipuzkoako Txapelketa.
  • Jarraian. Erromeria Elizagoien ahizpen eskutik, 22:30 arte.

Azaroak 8, ostirala

  • 00:00. Ximor taberna irekiko dute eta emanaldia eskainiko du DJ Hidalgok.

Azaroak 9, larunbata, Oilasko Biltze Eguna

  • 06:00. Dianarekin, oilasko biltzen hasiko dira auzoko gazteak Aritz Hernandez Larrume eta Iban Gorriti Beltza bertsolariekin. Izer eta Alabier trikitilariak ere bertan izango dira.
  • 16:00. Ume jolasak. Txokolate beroa egongo da nahi duenarentzat, baita sorpresa ugari ere.
  • Jarraian. Kalejira auzoan zehar, trikitilariekin.
  • 21:00. Goizean bildutako oilaskoekin afaria, auzotar guztientzat, Indamendi elkartean.
  • Ondoren. Erromeria Enaitz Alberdi eta Oibarrekin, Indamendi elkartean. Denentzat zabalik egongo da elkartea.
  • 00:00. Ximor taberna zabalik, DJ Indartek girotuta.

Azaroak 10, igandea

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Auzotarren arteko helduen eskupilota eta pala txapelketen finalak.
  • Jarraian. Poteoa auzoan zehar Laja eta Lutxurdio trikitilariekin.
  • 17:30. Harri jasotze txapelketa 150 kiloko Markesko kubikoarekin. Mikel Lopetegi Urra, Iraitz Arruti, Xabat Olaizola, Paulo Azpiazu eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.aren eskutik.
  • Jarraian. Erromeria Laja eta Lutxurdio trikitilariekin, 22:30 arte. Patata dantza lehiaketa ere egingo dute erromerian zehar.

Azaroak 11, astelehena, San Martin eguna

  • 11:00. Meza nagusia.
  • Jarraian. Tortilla patata lehiaketa eta auzotarren arteko herri kirolak: trontza, txingak, lokotx bilketa, zaku karrera, etab. Saioa girotzen ariko dira Izer eta Alabier trikitilariak.
  • Arratsaldean. Trikitilariak Indamendi elkartean, denentzat.
  • Ondoren. Kalejira auzoan zehar, eta festei amaiera emateko, traka zaratatsua.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide